Etzi abiatuko dute Txaparrotan, gaztetxoen txapelketarekin

Aritz Mutiozabal 2016ko eka. 30a, 14:30

Eskolarteko 112 talde lehiatuko dira, lau mailetan banatuta:

Desertu Txikiak Txaparrotan Hondartzako XIII. Eskubaloi Festa hartuko du datozen bi asteburuetan. Uztailaren 2an eta 3an, haurren txapelketa jokatuko dute, eta uztailaren 9an eta 10ean, berriz, helduena. Izena emateko epea bukatu zen, eta, guztira, 226 talde izango dira aurtengo ekitaldian parte hartuko dutenak. Gehienak zarauztarrak badira ere, eskualdeko jendea —getariarrak, oriotarrak eta zumaiarrak— ere ariko dira, baita Euskal Herriko beste hainbat herritakoak ere.

Haurren txapelketan eskolarteko 112 talde lehiatuko dira, lau mailetan banatuta: 14na talde benjamin neska eta mutiletan (LH 3 eta 4); 20na talde kimu neska eta mutiletan (LH 5 eta 6); eta 16 infantil nesketan eta 28 mutiletan (DBH 1 eta 2).

Larunbatean, multzoka banatuta jokatuko dituzte partidak, ligaxka formatuan. Desertu Txikian atonduko dituzten sei joko eremuetan ariko dira nor baino nor egun osoan. Lehen postuetan sailkatzen diren taldeek aurrera jarraituko dute, eta final-laurdenak, finalerdiak eta finalak jokatzeko aukera izango dute igandean.
Astebete geroago, helduen txapelketaren txanda izango da. Aurtengoan, 104 taldek eman dute izena: 32 emakumezkoetan eta 104 gizonezkoetan, zehatz mehatz. Txaparrotan egitasmoaren inguruko informazio zabalagoa, partiden egitaraua eta ordutegiak, txaparrotan.herokuapp.com webgunean topatu daitezke.