Turismo liburuxka berriak eskuragarri daude, bata helduentzat eta bestea haurrentzat

Zarauzko Hitza 2016ko abu. 23a, 13:05

Zarauzko Turismo Bulegoan eta malekoiko turismo etxolan eskura daitezke.

"Deskonekta zaitez, berriz konektatzeko. Bizitzaz gozatzeko. Zarautz da zure lekua". Baieztapen horretan oinarrituta, Zarauzko Udalak turismo liburuxka berriak kaleratu ditu, udalerriak turistikoki zer eskaintzen duen azaltzeko. "Aurreko katalogoa duela 12 urte egin zen; 2004ekoa da", adierazi du Ixidor Larrañaga Turismo zinegotziak. Hori berritze aldera, oraintxe atera dute gida berria.


Natura, hondartza, gastronomia, ondarea, gastronomia, aisialdia, kirola, euskara eta agendari dagozkienak jaso dituzte bertan. "Bereziki, gastronomia bultzatu nahi izan dugu, eta horretarako parrilladaren ideia sustatu dugu, adibidez. Eta baita Toldotxo pintxoa ere", gaineratu du. "Zarautzen, guztia kalitatea" dela adierazteko.

Horrez gain,  ostalaritza zein merkataritzari buruzko xehetasun batzuk ere gehitu dituzte, inguruko herriei buruzko hainbat zertzeladaz gain. Diseinu modernoa duela nabarmendu du Larrañagak: "Esaterako, toldo bat nola aholkatu azaltzen du edota Munoan selfie bat egiteko proposatu".

 

Haurrek eginda, haurrentzat

Helduei zuzendutako gidaz gain, haurrentzako ere sortu dute beste bat, lehenbiziko aldiz. Kasu honetan, Elene, Joanes, Jone, Mattin, Eneko, Nere, Roke eta Sara arduratu dira herriko txoko interesgarriak iradokitzeaz. 5-12 urte bitartean dituzte eta Hondarrezko Gazteluak arkitektura tailerrean Artezaleaken hartu dute parte urtarriletik maiatzera bitartean, ostiralero, Zarautz jolasen bidez ezagutarazteko. Guztia, haurren neurrira.

Hala osatu dute ere gida, jolas modura: estralurtar batzuei zein txoko erakutsi pentsatu zuten, eta hala, zazpi txoko kuttun aukeratu dituzte, eta beste sei izkutuko gune. Euren gustokoenak. Horrekin batera, gune bakoitzean ariketa bana gomendatu dute, esaterako, Santa Barbaran kanpin denda bat eraikitzea, Talaimendin kometekin ibiltzea, Musika Plazan kupula geodiesiko bat eraikitzea, Narros jauregi inguruan gela urdina margotzea, Zarauzko Arte eta Historia Museoan kristalezko zoruaren gainean ibiltzea, malekoian eskultura bat marraztea edota hondartzan hondarrezko gaztelu erraldoi bat egitea. Eurek aurrez egindako jolasak dira horiek.

Ezkutuko txokoei dagokienez, moila; Ahateen parkea; Pagoeta mendia eta parke naturala; herriko askotariko jolas parkeak; Sanz Enea Kultur Etxea eta liburutegia zein harraldea bisitatzea gomendatu dute.

Hainbat hizkuntzatan

Bi gidak eskuragarri daude dagoeneko Zarauzko Turismo Bulegoan zein malekoian jarri duten turismo etxolan. Helduei zuzendutakoa zazpi hizkuntzatan dago, euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, alemanez, nederlanderaren eta katalanez, eta haurrentzakoa, euskaraz zein gaztelaniaz.