Harrera beroa egin diote Ainhoa Muruari

Aritz Mutiozabal 2016ko ira. 1a, 20:29

Jendetza bildu da Lege Zaharren enparantzan, triatleta olinpikoari eginiko omenaldian. Kirol Merezimenduaren Domina jaso du udalaren eskutik, eta Zarautz Triatloi Elkarteak euskal makila eman dio oroigarri gisa.

Triatloi elkarteko kideek bizikletako gurpilekin eginiko arkuarekin eman diote ongi etorria Muruari, eta modu horretan abiatu dute herri omenaldia. Xabier Euzkitzek aurkeztu du ekitaldia, hainbat ikus-entzunezkoz lagunduta.

Zarauzko udalbatzak larunbateko aparteko osoko bilkuran onartu zuen Muruari Kirol Merezimenduaren Domina ematea, bere kirol lorpenengatik eta baita ibilbidean zehar erakutsitako giza baloreengatik ere. Xabier Txurruka alkatearen eskutik jaso du oroigarria. Zarautz Triatloi Elkarteko presidente Patricia Damianek, elkarteko kideen izenean, euskal makila oparitu dio.

Sorpresa gehiago ere izan dira: Nahikari Gabilondok eta Andoni Egañak bina bertso eskaini diote hasieran, eta amaieran Alaitz Aiertza eta Agurtzane Ezeiza lagunek agurra dantzatu diote. "Aupa Ainhoa, oe, oe, oe!" leloa ere abestu dute ekitaldian zehar triatloiko kideek eta herritarrek, eta hainbat alditan hartu dute txalo artean kirolaria.

Murua hunkituta agertu da, eta halaxe azaldu du domina hartu duenean:"Ez dut hitzik. Ateratzen zaidan bakarra eskerrak ematea da". Rioko azken esperientzia ez dela ona izan aitortu du, baina etxera itzultzerakoan babes handia sentitu duela. "Oso maitatua sentitzen naiz eta hori niretzako dominarik handiena".