Iaz ikasitakoa praktikara eraman nahi du aurten Aiala Zarautzek

Zarauzko hitza 2016ko ira. 15a, 09:50
Aiala Zarautz taldea (Aritz Mutiozabal).

Taldea prestatuago dagoela dio Martin Larrañaga entrenatzaileak. Ligako lehen jardunaldia larunbat honetan jokatuko dute, San Adrianen aurka.

Ohorezko Mailan urtebete egin ondoren, Ohorezko Zilar Mailara itzuli da Aiala Zarautz. Edonola ere, gorengo mailan ikasitako guztia praktikara eraman nahi dute aurten. Taldea aurreko denboraldian baino motibazio handiagoarekin ikusten duela nabarmendu du Martin Larrañaga entrenatzaileak: «Iaz ere ilusioz ekin genion denboraldiari, baina jakin bagenekien fruituak lortzea oso zaila izango zela. Aurten, ordea, badago halako txinparta bat edo bizipoz bat taldean, eta gauza politak lortu ditzakegula nabari dut».

Emakumezkoek ere baja dezente izan dituzte: Andrea Zalduak eta Nagore Odriozolak  Bera Berarekin jokatuko dute, eta Maialen Fernandez, Irati Eizagirre eta Maite Alcobak erretiroa hartu dute. Gizonezkoek bezala, jubeniletatik igotako bost jokalari hauekin indartu dute taldea: Bidane Salegi, June Agirrezabalaga, Maialen Urresti, Izei Permach eta Haizea Aldalur. «Guretzako oso garrantzitsua  izan da iazko multzo finkoari eustea. Horrez gain, kalitate handiko jokalari gazteak izango ditugu, ilusioa eta freskotasuna emango digutenak».

Jauzi kualitatiboa

Helburua «partida guztiak irabaztea» izango dela dio entrenatzaileak. Aurten taldea prestatuago dagoela gaineratu du, «jakin badakitelako Ohorezko Mailan jokatzea zer den; badakitelako erritmo horretan jokatzea zer den; eta, une honetan, dinamika hori jarraitzen ari gara».  Iazko esperientzia eta formakuntza ezin hobe etorriko zaie denboraldiari aurre egiteko: «Iaz master bat atera genuen eskubaloian; izan ere, asko ikasi genuen. Jauzi kualitatibo handia eman genuen, eta hori mantentzea da gure erronka».

Iragan asteburuan, Aiala Zarautzek 27-30eko emaitzarekin galdu zuen etxean, San Adrian Bizkaiko taldearen aurka, Euskadiko Kopako kanporaketan. Larunbat honetan berriz neurtuko dituzte indarrak Bilbon, ligako lehen jardunaldian, 17:30etik aurrera; astebete geroago, Ermua izango dute aurkari Aritzbatalden.