Sormen proiektuetarako diru-laguntza eska dezakete gazteek

Zarauzko Hitza 2016ko ira. 16a, 14:28
Gazteria teknikari Onditz Leizaola eta Gazteria zinegotzi Jonan Urdangarin (Aritz Mutiozabal)

3.000 euroko partida bat bideratu du Gazteria sailak, eta kultura eta arteen arloan egindako lanak bultzatzea nahiz hedatzea du helburu.

Sormenerako eta kultur hedapenerako diru-laguntzak emateko deialdia ireki du aurten ere Gazteria departamentuak. "Gazteok pontetzial izugarria dugu. Abileziak ditugu, baita kemena ere, eta zenbait alorretan adituak gara. Baina laguntzarik ez dugu izaten, eta arazo ekonomikoak izaten ditugu proiektuak aurrera eramateko. Ildo horretatik, gazteok egindako ekintzak sustatu eta argitaratzera bultzatu nahi ditugu, eta diru-laguntza hauek horretara datoz", azaldu du Gazteria zinegotzi Jonan Urdangarin.

Horretarako 3.000 euroko partida bat bideratu dute, eta diru-laguntzak ondorengo proiektuentzat izango dira: musikagileen maketa grabazioa eta edizioa; komiki, fanzine edo bestelako kultur argiltapenen edizioa; antzezlanen ekoizpena; ikus-entzuneko lanak; eta teknologia berriekin erlazionatutako lanak. Zarauzko gaztei zuzenduta dago deialdia, 14 eta 30 urte bitartekoei, eta banaka nahiz taldeka aurkeztu daitezke.

Irizpideak

Euskaraz landutako proiektuentzat izango dela nabarmendu du Urdangarinek. "Zarautz herri euskalduna da eta bertako gazteok euskaraz hitz egiten dugu. Beraz, laguntzat euskaraz eginikoentzat izango dira, eta jarduerak ere euskaraz burutu beharko dira".

Gipuzkoako Gazteria departamentuarekin elkarlanean, Gaztematika egitasmoan buru-belarri dabil Zarauzko Gazteria saila. Gaztematikaren baitan irizpide batzuk daude zehaztuta, eta diru-laguntzak jasotzeko orduan irizpide horiek kontuan hartuko dira: esaterako, elbarritasun fisiko nahiz psikikoa dituztenen parte hartzea eta genero-ikuspegia txertatzea. Honako hauei ere garrantzia emango diote: proiektu berritzaileak izatea, gazteen interesa eta grina pizten duen eta hartzaile gazteentzat den.

Diru-laguntzarekin batera, eskatzaileek edo taldeek beren produktua aurkezteko aukera izango dute herrian, kontzertu edo emanldi baten bitartez.

Eskaerak egiteko

Interesatuek Herritarren Arreta Zerbitzuan aurkeztu beharko dituzte eskaera orriak, datorren ostegunetik aurrera; inprimakia Zarauzko Erregistro Nagusian eta udalaren webguneko Gazteria sailaren atalean eskuratu daitezke. Aurten eginiko edo egingo diren proiektuentzat zuzenduta dago laguntza, eta eskaera orriarekin batera, aurrekontua aurkeztu beharko da edo izandako gastuak justifikatu beharko dira.

Bestalde, gazte edo aisialdi elkarteak diru-laguntzak eskatzeko deialdia ere irekiko dute ostegunean, eta eskaerak Herritarren Arreta Zerbitzuan egin ahalko dira. Kasu honetan, 19.000 euro inguru partida bat bideratuko dute.