Azken Portu Goiko igogailua 2018rako eginda izango dela aurreikusi dute

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko ira. 23a, 09:24
Udal Gobernuko kideak Azken Portu Goiko bizilagunekin (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Herenegun eman zien Udal Gobernuak proiektuaren berri bizilagunei. Urriaren 3a baino lehen aurkeztuko dio Eusko Jaurlaritzari, herrien irisgarritasuna hobetzeko laguntza lortzeko 

Mugikortasun Astearen barruan egin zuten bilera Xabier Txurruka alkateak eta Iban San Martin Obra Txikien zinegotziak Azken Portu Goiko bizilagunekin. Helburua «auzotarrek urte askoan eskatutakoari» erantzungo dion proiektua aurkeztea izan zen: igogailuarena, hain zuzen ere. «Kokaleku egokiena» Salbidetik Lanpardo kalera bitartekoa  da, alkatearen esanetan. Iturribide kaletik, Ludoteka eta Udal Euskaltegiaren arteko sarbidearen paretik, 15 metroko igogailua egiteko asmoa dute.

Trenbidea gurutzatzeko pasabide bat izango du, 25 bat metrotakoa, eta Lanpardo kalera eramango du, autobus geltokiaren ondoraino. Egungo haur parkea kenduko dute horretarako, baina aurrez  pasabidearen inguruan berria eraikitzeko asmoa dute.  «Denen bistan» egongo da azpiegitura. «Segurtasuna bermatuta egongo da, genero ikuspegitik eta gainerakoan ere, Iturribide plazatik, bertako etxeetatik zein Azken Portu Goiko eraikinetatik, norabide guztietatik ikusi ahalko delako erabiltzaileen joan-etorria», esan zuen Txurrukak.

Halaber, igogailua bera «nahiko zabala» izango da, eta «arazorik gabe» sartuko dira hainbat lagun, eta baita bizikletak eta haurren eta gurpildun aulkiak ere, besteak beste.   

Hainbat galdera egin zituzten bizilagunek proiektuari buruz. Haietako batek jakin nahi izan zuen zein ordutegitan izango den zabalik igogailua. Zehazki, 24 orduan egongo da irekita, eta argitasuna izango du, barruan, kanpoan eta baita pasabidean ere.  Beste batek galdetu zuen  ea pasabidea estaliko duten. Segurtasuna aipatu zuen berriz ere alkateak, pasagunea tapatuz gero ikusgaitasuna oztopatuko delako, baina igogailuaren sarreretan jarriko dituztela estalpeak. «Ideia pasabidea bera kalea bezala izatea da».


Diru laguntza lerroa

Vista Alegreko igogailuaren proiektua egin duten arkitektu berek osatu dute Azken Portu Goiko azpiegiturarena ere: Urgari estudioak. Dena dela, proiektuak ez duela zertan behin betikoa izan behar esan zuen; «xedea iraunkorra eta segurua» izatea dela.  

Proiektua ETSk «begi onez» ikusi du, eta exekuzio proiektua ere «laster» izango dute esku artean. Helburua urriaren 3a baino lehen proiektua Eusko Jaurlaritzan aurkeztea baita. Enplegu eta Gizarte Politiketako sailak herrietan irisgarritasuna hobetzeko obrak egiteko diru laguntza —igogailuen proiektuak ere aurreikusten dira horren barruan —lerro bat zabaldu du, eta gehienez ere obraren kostuaren %70a lagunduko luke.  «Egin beharreko obra bat da, eta gure konpromisoa da 2017-2018rako eginda egotea», aurreratu zuen.