Eskualdeko 58.348 herritarrek eman ahalko dute boza igandean

Urola Kostako Hitza 2016ko ira. 23a, 13:00

Hauteskunde kanpainan EH Bilduk, EAJk eta Elkarrekin Podemosekoek hainbat ekitaldi egin dituzte Urola Kostan.

48 ordu barru Eusko Legebiltzarrerako ordezkariak aukeratzeko hitzordua izango dute Urola Kostako bizilagunek. Hautesle-erroldaren arabera, 58.348 herritarrek izango dute botoa emateko eskubidea eskualdean. Gipuzkoan, berriz, 581.020 herritar daude deituta botoa ematera, eta 1.783.414 lagun EAEn.

Gipuzkoan 11 hautagai zerrenda aurkeztu dituzte igandeko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara: EH Bildu, EAJ, PP, PSE-EE, Elkarrekin Podemos, Ciudadanos, Pacma, Recortes Cero-Grupo Verde, Ganemos Euskadi, Familia y Vida eta Libertate Nafarra.

Hauteskunde kanpainan Urola Kostan izan dira hainbat alderdi eta koalizio, hala nola EH Bildu, EAJ eta Elkarrekin Podemos. Kanpainaren azken txanpan ere horiek egin dituzte ekitaldiak eskualdean. Herenegun, esaterako, EH Bilduk bi ekitaldi egin zituen; Azkoitian bat eta Zarautzen bestea. Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatua Espainiako Kongresuan eta Pello Urizar koalizioaren Gipuzkoako zerrendakidea izan ziren Azkoitiko plazan, eta askotariko gaiak landu zituzten han bildutako ehun lagunen aurrean. Zarautzen, berriz, mitin ibiltaria egin zuten, eta bertan parte hartu zuten Ahmed Zriouil euskara ikasleak, Inaxio Illarramendi zarauztar gazteak eta koalizioko zerrendako kide Marina Bidasorok  eta Naiara Carvajalek.

EAJko ordezkariek, berriz, kanpainako ekitaldia egin zuten atzo Zarautzen. Han elkartu ziren, besteak beste, Joseba Egibar Gipuzkoako EAJren zerrendaburua, Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, Eneko Goia Donostiako alkatea eta Gipuzkoako hainbat herritako alkateak, besteak beste, Aiakoa, Azkoitikoa, Oriokoa, Zarauzkoa, Zestoakoa eta Zumaiakoa.

Elkarrekin Podemosek gaur kanpaina bukaerako ekitaldia egingo du Zarautzen, 20:30ean, Munoa plazan.

Boto gehien EAJk, 2012an

2012ko urriaren 21ean egin ziren azkenekoz Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Orduan, Urola Kostan boto gehien EAJk lortu zituen; 15.910 guztira. Bigarren indarra EH Bildu izan zen, 15.168 boto eskuratuta. Jeltzaleak bost herritan izan ziren nagusi: Aia, Azkoitia, Orio, Zarautz eta Zumaia. Gainerako herrietan EH Bilduk jaso zituen boto gehien. PSE-EEk, berriz, eskualde osoan 3.480 boto eskuratu zituen.

Oraingoan, ordea, hautagaitzen artean da Elkarrekin Podemos ere, eta emaitza onak lortu zituen azken bozetan; izan ere, ekainaren 26ko Espainiako Kongresurako hauteskundeetan bigarren indarra izan zen Zarautzen, EAJren atzetik.