Irudietan: Sagardo txapelketako hirugarren finalaurrekoa

Zarauzko Hitza 2016ko ira. 23a, 19:18

Bigarren urtez antolatu dute Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoia eta hiru finalaurrekoetako azkena Zarautzen ari dira jokatzen, Basque Label Fest jaialdiaren barruan.

Jende ugari bildu da Merkatu plazan, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak antolatutako afari-dastaketan. Guztira 36 sagardotegik hartu dute parte txapelketan, eta Ordiziko (irailaren 9an jokatu zen) eta Azpeitiko (pasa den larunbatean izan zen) finalerdietan bezala, hamabina sagardo ezberdin dastatuko dituzte Zarautzen ere. Herritarrek emandako puntuazioaren arabera erabakiko zeintzuk sailkatuko diren finalerako. Herritarrek, ordea, ez dute jakingo dastatzen duten sagardoa zein etxetakoa den.

Bihar izango da Andoainen, Kale Txikiko karpan.

Bihar beste hainbat ekitaldi

Basque Label Fest jaialdiko ekitaldiek bihar jarraituko dute. Bihar, 12:00etatik 14:00etara, pintxo eta plateren adastaketa izango da Lege Zaharren enparantzan. Euromar kafetegiak, Kirkilla Enea jatetxeak eta Itxaslur, Euskalduna eta Txiki Polit tabernek ekitaldirako propio eginiko "irudimen handiko sorkuntzak" aurkeztuko dituzte, eta herritarrek horiek dastatu ahal izango dituzte Getariako txakolinarekin, Araba Errioxako ardoarekin eta Eusko Label sagardoarekin.

Egunean zehar bestelako ekitaldirik ere izango da: Mikel Garaizabalen dastaketa gidatua, haurrentzako Baserrian amets antzerkia, Kintopekoen Harri-jasotze Txapelketa eta Joxe Mendizabalekin dantzaldia.