Legebiltzarrerako hauteskundeak

Gipuzkoako hautesleen %44,46ak eman du botoa 17:00etarako

Zarauzko Hitza 2016ko ira. 25a, 11:18

Behera egin du parte hartzeak. 2012an ordu horretarako %46,97koa zen Gipuzkoan.

09:00etan zabaldu dituzte hauteslekuak eta herritarrak ari dira apurka-apurka botoa ematen. Orain arteko aurrerapenen arabera, ordea, parte hartzea jaitsi egin da Gipuzkoan. Eguerdirako, %17,53koa zen parte hartzea, duela lau urte baino %1,11 gehiago. 17:00ak baino lehenago, berriz, %44,46koa zen; 2012an %46,97koa. 2,5 puntu jaitsi da parte hartzea.

Gaur 17.863 zarauztarrek  dute aukera Eusko Legebiltzarrerako ordezkariak hautatzeko. Gipuzkoan 11 hautagai zerrenda aurkeztu dituzte gaurko hauteskundeetara: EH Bildu, EAJ, PP, PSE-EE, Elkarrekin Podemos, Ciudadanos, Pacma, Recortes Cero-Grupo Verde, Ganemos Euskadi, Familia y Vida eta Libertate Nafarra.

2012ko urriaren 21ean egin ziren azkenekoz Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak. Orduan EAJk lortu zituen boto gehien, EH Bilduren aurretik. Oraingoan, ordea, hautagaitzen artean da Elkarrekin Podemos ere, eta emaitza onak lortu zituen azken bozetan; izan ere, ekainaren 26ko Espainiako Kongresurako hauteskundeetan bigarren indarra izan zen Zarautzen, EAJren atzetik. 11:00etan eman du koalizioko lehendakarigai Pili Zabalak botoa Sanz Enean, eta herritarrak botoa ematera deitu ditu.

Hona hemen duela lau urteko emaitzak:
EAJ: 4.760

EH Bildu: 3.781

PSE-EE: 1.479

PP: 747

IU-UPEC: 233

EB-AZ: 131

UpyD: 103

Ezker Batua: 99

Equo: 89

Pacma: 30

Pum+J: 19

UCE: 14

PH: 11