Eraikuntzako Txartel Profesionalaren inguruko saioa, ostegunean

Zarauzko Hitza 2016ko ira. 26a, 13:23

Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan izango da, dohainik, eta langileei eta langabetuei zuzenduta dago.

Bertan Eraikuntzako Txartel Profesionalaren inguruko informazioa, bete beharreko baldintzak eta berrikuntzat jorratuko dituzte. Urola Kostako Udal Elkartetik jakinarazi dutenez, “eraikuntza sektoreko enpresak gero eta gehiago eskatzen dute langileek txartel hori izatea”. Izan ere, horrek egiaztatzen du txartela duenak eraikuntza sektorean lan egiteko esperientzia eta prestakuntza badituela.

Ostegunean izango da saio informatiboa 10:00etan Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan. Doakoa da, eta eraikuntza sektorean lan egiten duten edo lan egin nahi duten herritarrak saiora gonbidatu dituzte Urola Kostako Udal Elkarteak eta Fundación Laboral de la Construcción erakundeak. Jardunaldian parte hartzeko aldez aurretik 943-890808 telefono zenbakira hots egin edo harrera@urolakosta.eus helbidera idatzi behar dute interesatuek izena emateko.