Eskaintza zabala aurkeztu du Artezaleakek

Zarauzko Hitza 2016ko ira. 26a, 14:56
Karmen Agirretxe, Nekane Iribar eta Lore Agirre, goian; eta Patxi Santamaria eta Keixeta, behean (Aritz Mutiozabal).

Bi ikastaro berri izango dituzte gaztetxoek: plastika eta arkitektura. Era berean, antzerki tailerrarekin jarraituko dute, eta zeramika arloa indartu dute.

Artezaleakek ikasturte berriari ekingo dio urriaren 3an. Pintura, buztina, zaharberritzea, ehoziriak, jostura, espesio tailerra... Ohiko ikastaroei lekurik kendu gabe, bi eskaintza berri izango dituzte aurten: alde batetik, haurrei zuzendutako plastika eta, bestetik, haur eta gazteentzako arkitektura tailerra. Horrez gain, iaz abian jarritako antzerki tailerrarekin jarraituko dutela nabarmendu du Artezaleakeko zuzendari Karmen Agirretxek, "oso aberasgarria" izan delako.

Patxi Santamaria aktorea arduratuko da aurten ere antzerkiaz. "Emaitza polita izan zuen iaz. Bi talde osatu genituen, oso gustura aritu zirenak, eta bi talde horiek aurten errepikatu egingo dute. Baina tailer berria den heinean, bultzada bat eman nahi diogu eta jendea animatu parte-hartzera". Antzerkiak garapen pertsonalerako "hainbat balio" dituela aditzera eman ditu Santamariak: lantaldea, hartu-emana, sentsdibilizazioa, sormena eta inteligentzia emanozionala, kasu. Aurten, gainera, ikasitakoa jendaurrean erakusteko asmoa dute.

Zeramika arloan, berriz, aldaketak izan dituzte. Mari Karmen Egiguren izan dute irakasle joan den ikasturtera arte, eta haren lekua Lore Agirrek hartu du orain. "Zeramikak Artezaleakeko ezaugarri nagusienetako bat izaten jarraitu behar duela uste dugu", dio Agirretxek. Esparrua indartze aldera, Txiki Agirre Keixeta ariko da irakasle lanetan. Ikastaro monografiko gisa, rakua eta torno elektriokoa erabiltzen irakatsiko ditu honek: "Lau egunetako ikastaroak izango dira, eta ondoren bakoitzak bere kabuz egin ahal izango dituzte lanak".

Izena eman edo informazio zabalagoa eskuratzeko Ebro Etxera (Zumalakarregi, 16) bertaratu daiteke, 943-83 55 68 telefono zenbakira deitu, edo artezaleak@gmail.com helbidera idatzi.

Teilatuko lanak

Kultura zinegotzi Nekane Iribarrek jakitera eman duenez, iaz arazoak izan zituzten Artezaleakeko eraikineko teilatuan, eta bi gela erabili ezinik daude. Teilatua konpontzeaz gain, gela horiek egokituko dituzte, eta urtero diru partida bat bideratuko dute eraikina berritzen joateko. Iribarren esanetan, aurki hasiko dira obrekin. Ondorioz, ikastaro batzuk Villa Mundan egingo dituzte ikasturte hasieratik: antzerkia, arkitektura eta plastika.