Txiki omendu dute Cerdanyola del Vallesen

Zarauzko Hitza 2016ko ira. 26a, 16:06
Cerdanyolako igandeko ekitaldia (Llibertat.cat).

Bihar, 41 urte beteko dira Jon Paredes Manot Txiki zarauztarra fusilatu zutela Can Catà basoan, Cerdanyola del Vallesen (Katalunia). Haren oroimenean, Cerdanyolako udaletxetik aipatu basora omenaldi martxa egin zuten atzo, eta ekitaldia jarraian.

Bertan hartu zuten parte CUPeko diputatu ohi David Fernandezek, CUPeko diputatu Mireia Boyak, Cerdanyolaseko alkate Carles Escolàk eta Txikiren anaia Diego Paredes Manotek. Fusilatu zuteneko zuhaitzaren aurrean loreak, bere argazkia, Estelada bat eta harrizko oroigarri bat jarri zituzten. Horrez gain, Àlvar Vallsek 1975ean Txikiren amaren omenez idatzitako poema irakurri zuten.

Zarauztarraz gain, Angel Otaegi azpeitiarra eta FRAPeko hiru kide –Humberto Baena, Jose Luis Sanchez Bravo eta Ramon Garcia Sanz– fusilatu zituzten 1975eko irailaren 27an. Erregimen frankistaren azken fusilamenduak izan ziren.

Zarautzen, urtero legez, hilerrian egingo dute ekitaldia bihar, irailaren 27an, 12:00etatik aurrera.