«Lagunekin liburuaz hitz eginez gero, gustagarriagoa egiten zaizu»

Aritz Mutiozabal 2016ko ira. 28a, 10:15
Ibai Ferrera, irakurketaklubeko dinamizatzailea (Aritz Mutiozabal).

LH 5. eta 6. mailako ikasleei zuzendutako irakurketa kluba sortu dute Sanz Enea udal liburutegian, adin tarte horretako neska-mutilen artean irakurzaletasuna sustatzeko. Ibai Ferrera izango da irakurketa klubeko dinamizatzailea.

Azkenaldian irakurketa klubak dezente ugaritu dira, batez ere helduen esparruan. Honako hau, ordea, gaztetxoei zuzenduta dago. Nola sortu da ideia?
Duela gutxi bukatu nituen irakasle ikasketak euskarako espezialitatean, eta gradu amaierako proiektua haurrekin egiten diren literatura hizketaldien inguruan osatu nuen. Antoniano ikastetxeak halako esperientzia bat aurrera eramateko aukera eman zidan aurreko ikasturte bukaeran, LH 5. mailako ikasleekin, eta esperientzia positiboa izan zen benetan. Kirmen Uriberen Garmendia errege liburua landu genuen, eta aleak lortzeko Sanz Enea udal liburutegiarekin harremanetan jarri nintzen. Liburutegiko arduradunek komentatu zidaten 10 eta 12 urte bitartekoen irakurtzeko jarreran hutsune bat nabaritzen zutela. Beraz, Antoniano ikastetxeko esperientzia hura liburutegira ekartzea proposatu zidaten, herri mailan zabaltzeko.

Nolako saioak izango dira?
Hasiera batean eskola barruan egiteko literatura hizketaldiak bezala planteatu nuen, eta hori eskolatik ateratzen duzunean ezberdina izaten da. Neska-mutilak modu batera jokatzen dute liburu baten aurrean eskolan, eta beste modu batera eskolatik kanpo. Orduan, halako dinamika bat aurrera eramaten duen Peru Magdalenarekin jarri nintzen harremanetan, eta hark esan zidan garrantzitsua zela izaera umoretsua eta dibertigarria ematea, beraiek identifikatzeko jarduera gozagarri batekin. Helduen hizketaldien kutsua emango diegu, baina irekiagoak izango dira, ludikoagoak, jarduerak eginez zein sormena landuz.

Literaturaz gozatzea da helburu nagusia, beraz.
Hori da, bai. Asmoa ez da etorkizuneko idazleak bilatzea, ezta antzekorik ere. Azken urte honetan ikasi dut literatura plazer iturri izugarria dela. Kontua da haurrek ez dutela modu horretan identifikatzen, eskoletan beste trataera bat ematen zaiolako. Jarduera gogaikarriak egiten dira literaturaren inguruan, eta kalifikazioak daude. Horrekin guztiarekin lotzen dutenez, alboratu egiten dute irakurketa. Helburu nagusia da konturaraztea plazer iturri dela, eta gozamenerako balio duela. Horrez gain, baditu beste onura batzuk: adituek ikertu dutenez, akademikoki, psikologikoki, emozionalki eta sozialki aberastu egiten zaitu.

Zortzi saio egingo dituzue ikasturte osoan, eta horietan hainbat liburu aztertuko dituzue.
Zortzi saiotan egituratu dugu, hilabetean behin elkartzeko asmoarekin. Asteartetan izango da, haur liburutegian. Liburuak aukeratzerako orduan, berriz, irakurlearentzat dibertigarria izatea bilatu dugu. Roald Dahlen mendeurrenaren harira, haren liburu bat aztertuko dugu, baina batez ere euskal idazleen liburuak aukeratu ditugu. Haur eta gazte literaturan merkatu oso oparoa dugu Euskal Herrian, eta beharbada ez da behar beste iristen haurrengana. Bestalde, genero ezberdinak landu nahi ditugu: betiko narrazioetatik pixka bat aldendu, eta poesia eta album ilustratua ere landu.

Aukeratu dituzuen liburuek badute irakasbiderik edo nolabaiteko mezurik?
Alde handia dago kalitatezko literaturaren eta literatura komertzialaren artean. Komertziala oso erraz iristen zaie haurrei, oihartzun handia ematen diotelako. Baina kalitatezko literaturak zuzenean edo zeharka gai batzuk jorratzen ditu, haurrentzako oso hurbilekoak direnak eta zer pentsatua ematen diotenak. Aukeratu ditugun liburuak badute umoretik asko, baina baita hainbat gai interesgarri ere. Oso inportantea iruditzen zait horiek partekatzea. Beste edozein jarduera taldean egiten da, eta horretaz hitz egiten duzunez, gustagarriagoa egiten du ekintza. Irakurketa normalean jarduera bakartia da, eta horri buelta bat eman nahi diogu: ikuspuntuak trukatuz eta entzunez, askoz ere aberasgarriago bihurtzen da. Gainera, lagunekin liburuaz hitz eginez gero, gustagarriagoa egiten zaizu.

Erlazionatuak