Imanol Urbietaren heriotza

Sinistu zuen, sinistu...

Zarauzko Hitza 2016ko ira. 29a, 08:00

Imanol Urbieta musikagile eta irakaslea hil da, haur kantugintzan eta pedagogian aitzindaria. Ostiralean izango da haren hileta elizkizuna Frantziskotarren elizan, 19:30ean

Ran Rober Ran, Mac Mikel, Alaken, Txoria nintzela, Bakarrik eta libre, Jon Braun, Astoa ikusi nuen, Behin betiko... Euskarazko haur kantu baten atzean norbait baldin badago, hori Imanol Urbieta da. Asteazken eguerdian hil zen musikari, konpositore, pedagogogo eta irakasle zarauztarra, 82 urte zituela. Osasun arazoak medio, apaltzen joan da azken urteetan, eta gutxi izan dira azkenaldian egin zituen agerraldiak. Hala ere, ez dio lan egiteari utzi, hori izan baita bere pasioa eta bizitzeko modu. Bera itzali baldin bada ere, bere doinuek ozen jarraitzen dute guztien belarrietan zein mihietan.

«Ametsik indartsuenetako bat herriko beharrei erantzutea zen. Olentzero zela, antzerkiak zirela... Musikaz arduratuko zen norbait behar izaten zen beti. Lan haietan jarduten genuen kuadrillan; batzuek antzerkilari, besteak dantzan, eta ni musikan». Modu horretan ekin ziola  azaldu zion Urbietak Urola Kostako Hitzari, 2007an eginiko elkarrizketan. Irrintzi eta Euskaltzaleak kultur taldeetako garaiaz ari zen, euskalgintza oinarri harturik. Gerora, Oleskariak zortzikoteko eta Naya musika taldeko kidea izan zen.

Baina, batik bat, bere bizitza osoa haurrekin lanean egin zuen, haientzako kanta eta materiala sortzen eta zabaltzen. 1959an Zarauzko Modelo aretoan haur kantarien lehen agerpena antolatu zuen, eta berea da umeentzako euskaraz eginiko lehen disko, Haur kantariak izenekoa, 1967an argitartu zena.

Zarauzko Ikastolako zuzendari eta irakasle izan zen 70eko hamarkada hasieran, eta ikasleekin kultur jardueretan parte hartzen jarraitu zuen. Esaterako, Haur Kantarien Birlorak izeneko lau disko egin zituen ikastolako haurrekin, Anjel Lertxundi, Joxe Antonio Ormazabal eta Juan Martin Elexpururekin lankidetzan. La Salle eta Antoniano ikastetxetako irakaslea ere izan zen.


Xirula Mirula

Gipuzkoako lehen musika eskolak ere Urbietaren eskutik sortu ziren: lehena Zarautzen, eta ondoren Hernanin eta Donostian. Zarauzko Txerrikalen zabaldu zuen Xirula Mirula, Joxe Antonio Azpeitia, Jose Ezpeleta eta Martin Gorrotxategik lagunduta. 500 haur biltzen zituen, eta eta erreferentzia bihurtu zen herritar askorentzat.  Musika eskola aurrera eramateko hainbaten laguntza izan zuen: Ander Alberdi, Migel Angel Agote, Jose Inazio Elias, Kontxi Aizarna eta Iosu Txapartegi Txapas, besteak beste. Haurren heziketan musikak duen garrantziaz jabetuta, hainbat ikerketa egin zituen, eta pedagogia arloan  disko eta liburu bilduma eskerga argitaratu zuen; adibidez, Txalopin Txalo eta Xixupika bildumak.

Beste hainbat egistasmoren eta ekintzen bultzatzaile ere izan  zen. Urtero-urtero, sanpelaioetako haur danborradan  bere piezak jotzen dituzten ehunka neska-mutilek. Horrez gain, Reala animatzera joateko txistulari taldea osatu zuen; Kalera, kalera amnistiaren aldeko ereserkia sortu zuen, Txapas-ekin batera; Euskal Jaiak indartzen lagundu zuen; Udaberriko abesbatzako zuzendari...


Errekonozimenduak

Merezitako omenaldi ugari egin dizkiote. 1996. urtean, Zarauzko Udalak kultur merezimenduaren domina eman zion; 2002an, Lagunak Zuri Kantari, Kursaal jauregian; 2007an, Abbadia Saria jaso zuen, eta 2010ean, Argizaiola saria. Berak 80 urte bete zituenean, herriko musikariek omenaldia egin zioten Santa Zezilia Egunez, eta Salbatore Mitxelena Ikastolak gauza bera egin zuen duela bi urte. 2013an, Udal Musika Eskola sortu zuten bere izenarekin, udalbatzarrak aho batez  erabakita. Era berean, Bakarrik eta libre omenaldi diskoa argitaratu zuen udalak, hainbat musika talderen parte hartzearekin.

Herritarrek ostiralaizango dute aukera musikariari azken agurra emateko. Zarauzko Frantziskotarren elizan  da hileta, 19:30etik aurrera. Hilbeila, berriz, Zarauzko Tanatorioan dago, ostegunean goizez 10:00etatik 13:00etara bitartean eta arratsaldez 15:00etatik 20:00etara. Ostiralean ez da egongo hilbehilarik.