Argazki lehiaketa antolatu dute, Ramon Serrasen omenez

Zarauzko Hitza 2016ko urr. 11a, 08:00

Itsasoaren indarra islatu beharko dute argazkiek eta abenduaren 2a baino lehen aurkeztu beharko dira lanak.

Euskalduna tabernak antolatu du Ramon Serrasen omenezko argazki lehiaketa, Zarauzko argazkizale elkartearen eta Zarauzko Turismo bulegoaren laguntzarekin. Landu beharreko gaia itsasoaren indarra izango da eta profesionalek zein argazkizaleek hartu dezakete parte. Bakoitzak lan bakarra aurkezteko aukera izango du, eta ez dute onartuko beste lehiaketa batean saritutako lanik aurkeztu, ezta lehiaketa horren garai berean beste lehiaketa batera aurkeztutakorik ere.

Argazkiak paperean aurkeztu beharko dira. Argazki digitalak ere ontzat hartuko dituzte, baina euskarriak papera izan beharko du. Gehienez ere, 40x50 zentimetro neurtuko ditu—lanaren alde txikienz gutxienez 18 zentimetro izan beharko ditu—, eta kartulina edota passpartout batean ezarri beharko dira irudiak. Edozein motatako teknikak erabili ahalko dira.

Interesa dutenek abenduaren 2a arteko epea dute lanak aurkezteko. Euskalduna tabernara (Kale Nagusia, 37) edota Turismo Bulegora (Nafarroa kalea, 3) igorri beharko dira posta arruntez. Lan bakoitzaren atzean izenburua idatzi beharko da, eta horrekin batera, kartazal itxi batean ondoko datuak zehaztu beharko dira:izenburua, egilearen izen-abizenak, nortasun agiriaren zenbakia, helbidea, helbide elektronikoa zein telefono zenbakia. Kartazalaren kanpoan argazkiaren izenburua idatzi beharko da.

Askotariko sariak

Hainbat sari banatuko dituzte parte-hartzaileen artean. Irabazleak 600 euro eta garaikurra jasoko ditu, bigarren sailkatzen denak 200 euro eta garaikurra eta hirugarrengoak, berriz, 200 euro eta garaikurra. Zarauzko argazkilari onenak ere izango du saria: 300 euro eta garaikurra. Partaide bakoitzak sari bakarra jasoko du.

Epaimahaia argazkilaritza arloko adituek osatuko dute, eta abenduaren 23an emango dute jakitera hartutako erabakia, Euskalduna tabernan, 19:30ean. Orduan egingo da sari banaketa ere. 

Aurkeztutako argazki onenekin erakusketa zabalduko dute tabernan bertan, abenduaren 23an bertan.