Aialak bolada onean jarraitzen du, Sporting La Riojari irabazita

Zarauzko Hitza 2016ko urr. 19a, 16:30
Aialako jokalariak garaipena ospatzen (Aiala Zarautz).

Azken bi partidak galdu ditu Amenabarrek, Palma del Riren eta Bordilsen aurka.

Bostetik bost. Ligako orain arteko partida guztiak irabazi ditu Aiala Zarautzek, eta Ohorezko Zilar Mailako sailkapeneko buruan jarri da. Larunbatean partida zaila zeukan, Sporting La Riojaren aurka –ligako aurkari zuzenetako baten aurka–, baina Zarauzko taldeak ongi kudeatu zuen norgehiagoka eta 19-22koarekin irabazi zuen etxetik kanpo. Ia partida osoan aurretik joan ziren, eta amaiera aldean aurkariak berdintzea lortu bazuen ere, azken bost minututan garaipena eskuratzeko behar zen guztia eman zuen Aialak. Hurrengo hitzordua larunbatean izango dute Aritzabatalden, 17:45ean, Usurbilen kontra.

Amenabar Zarautzek ezin izan du garaipenik lortu ligako azken bi jardunaldietan. Azken astean bi partida jokatu ditu: hilaren 12an, asteazkenarekin, Palma del Rioren aurka eta, hilaren 15ean, larunbatean, Bordilsen aurka. Bietan azkenera arte borrokatu zuten zarauztarrek, baina gutxigatik bada ere, galdu egin zuten: lehena, 25-29 eta bigarrena, 23-22ko emaitzarekin. Larunbat honetan, Teucroren aurka neurtuko ditu indarrak, 19:0ean hasitan, Aritzbatalden.