«Lortu dut nire ametsaren hasierari heltzea»

Aritz Mutiozabal 2016ko urr. 20a, 10:00

Hizkuntza gutxitu eta txikietan idazten dutenentzat sorkuntza egonaldien sarea osatu du 'Beste hitzak' egitasmoak,  eta Zarauzko bizilagun Yoseba Peña idazlea hautatu dute bigarren deialdian. Dublinen igaroko ditu bi hilabete.

Beste Hitzak egitasmoko epaimahaiak zure ibilbidea kontuan hartu du, baina batez ere aurkeztutako proiektuaren mamia baloratu du. Zein izango da garatuko duzun proiektua?
Literatur egonaldian zer idatziko nuen azaldu behar zen, eta horrekin batera, bertan egingo genituzkeen jarduera paraleloak. Jarduera horien helburua da euskara eta hizkuntza gutxituak sustatzea, baita gure literatura ere. Joan den Gabonetan, Beste Hitzak-Other words programaren lehen deialdian Esloveniara joateko, egun lanean ari naizen eleberriaren lehen zatia aurkeztu nuen, baina ez ninduten hautatu. Eleberria hiru zatitan banatuta dago, eta bitarte honetan lehenengo biak idatzi ditut. Hain justu ere, orain hirugarren eta azken zatia idatziko dut egonaldian. Eleberria amaitzera noa hara.

Zer duzu kontagai eleberrian?
Esan bezala hiru atal ditu, bakoitza garai zehatz batean kokatuta dago: 1937, 1973 eta 1987 urteetan, alegia. Hiru emakumeren egun bat kontatzen dut, atal bakoitzean batena. Istorio horren bitartez emakumeen eboluzioa nolakoa izan den kontatzen dut eta gertakari historikoek nolako pisua izan duten. Svetlana Aleksievichek dio emakumeek gerra beste modu batera gogoratzen dutela Gerrak ez du emakume aurpegirik lan gordinean, eta horrekin identifikatuta sentitu nintzen, gure etxean historia emakumeen ahotsean transmititu delako.

Lehen deialditik bigarrenera aldaketarik egin al diozu?
Agian, aurrenekoan aurkeztu nuena metafisikoegia zen. Bigarren honetan gure literaturan benetan interesa piztuko lukeen zerbait aurkeztu nahi izan dut. Eleberria prestatzen duela zazpi edo zortzi urte hasi nintzen, elkarrizketak egiten familiakoei, Zarauzko ezagunei... batez ere emakumezkoei. Profil oso politak atera ditut 36ko gerratik honako emakumezkoen bizitzen ingurukoak. Hori oinarri hartuta, bururatu zitzaidan azken 80 urteko euskal emakumeen profilak hartzea, fikziozkoak eta benetakoak, eta horiekin egonaldian jarduera paraleloa egin nezakeela. Errealak niri kontatutako istorioekin, eta fikziozkoak euskal literaturatik hartutakoekin. Jardueran pertsonaien soslaiak irakurriko ditut, eta publikoak asmatu beharko ditu fikziozkoak diren ala benetako testigantzak. Horrez gain, Dublingo eskola batera joago naiz euskarazko ipuinak kontatzera, eta beste pertsona batek gaelikora itzuliko ditu.

Nola jaso duzu zu hautatzea?
Oso pozik hartu dut. Lehen deialdira aurkeztu nintzenean ez nuen uste irabaziko nuenik, baina banekien oso proiektu potentea aurkeztu nuela. Hautatu ez baninduten ere, oso gertu geratu nintzela sentitu nuen, eta amorru pixka bat eman zidan. Beraz, berriz saiatzea erabaki nuen bigarrenera, hasieratik   proposamena berriz idatzita. Lehiaketa apur bat ahaztuta neukala jaso nuen berria. Eskolan baimena eskatu eta ez dut arazorik izango. Duela hiru urte beste lanpostu batean hasteko apustua egin nuen, idazteko denbora gehiago izateko. Ez dakit etorkizunean zer gertatuko den, baina sari hau seinale on bat da. Lortu dut nire ametsaren hasierari heltzea, eta hori benetan polita da.

Bi hilabeteko egonaldia egingo duzu; urriaren 23an abiatuko zara eta abenduaren 16an itzuli. Nahikoa denbora izango al duzu eleberria bukatzeko?
Proposamena aurkeztean bi hilabetetan egin ahal duzun zerbait planteatzen duzu. Banekien eleberriaren lehen bi zatiek zenbateko luzera izango zuten, eta nik batez besteko bat proposatu nien. Egingarria dela uste dut. Idatzitakoa  zuzendu eta webgunera igoko da euskaraz, eta gero beste hizkuntzetara itzuliko da [ingelesez eta Beste Hitzak programan dauden beste hizkuntza gutxituetara]. Garbi neukan zerbait idatzi nahi nuela argitaratzeko, kasu honetan eleberriaren zati bat webgunean, eta ondoren saiatuko naiz argitaletxeren batekin liburua kaleratzen.

Bultzada bat emango lizuke argitaratzeko orduan?
Ez dut uste. Honek, nolabait esateko, oihartzuna emango lidake komunikabideetan. Tira, beharbada norbaiti interesa piztuko dio nire eleberriaren proiektuak, baina argitaletxeei baino gehiago jendeari. Eleberria kaleratuko banu, bat edo beste oroituko da Dublinen literatur sorkuntza egonaldia egin nuela. Jakin gogo hori pizteko balio dezake.

Dublinen bertan egingo duzu egonaldia...
Bai, Beste hitzak programako antolatzaileek etxe bat dute han, eta bertan pasatuko ditut bi hilabete. Horrez gain, dietak ordainduko dizkidate, eta bertako emakume gaeliko baten laguntza izango dut. Neurri batean, manager lanak egingo dizkit, bertako kultur ekitaldietako eta eskoletako jarduerak kudeatzeko. Nire asmoa idaztea da, baina hango kultura, gaelikoa eta  haien egoera ezagutu nahiko nituzke. Hartu-eman hori sustatzea. Aurretik ere egona naiz han, hiria zoragarria da, baina turista bezala ezagutu dut. Orain, hango jendea ezagutuko dut. Izan ere, sekulako ausardiarekin gaelikoaren inguruan zirkuitu eta sare bat sortzen ari dira ingelesa nagusi den tokian. Itzela iruditzen zait haiekin egotea, eta ni Enkarterrietakoa izanda, oso identifikatuta sentitzen naiz. Esperientzia aberasgarria izango da, zalantzarik gabe.