Erriberari laguntzeko, Errigora

Julene Frantzesena 2016ko urr. 20a, 09:45
Errigoraren kanpainaren aurkezpen ekitaldia (Errigora.eus).

Errigoraren udazkeneko kanpainan bi saski eros daitezke .Salmentarekin biltzen duten diruaren zati bat (%25) Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara bideratuko dute.

Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka leloa du Errigoraren udazkeneko egitasmoak, eta ondo baino hobeto azaltzen du proiektuaren mamia. Izan ere, Errigoraren xedea da Nafarroa hegoaldean ekoitzitako produktuak salduz, hango euskalgintzari arnasa ematea.

Saskien bidez jasotako diruaren %25 Nafarroa hegoaldeko Zazpiak Batentzat, Sortzenentzat, AEKrentzat eta Ikastolen Elkartearentzat izaten da. Izan ere, egitasmoaren sustatzaileen arabera, «Nafarroa hegoaldeko euskalgintzako proiektuek ezinbestekoa dute elkartasunaren bultzada».


Errigorago

Aurten bidean sortutako erronkei heldu eta jauzia ematera doa Errigora, «euskararen beharrizanetatik izan beharretara».  Hainbat erronka dituzte, eta «eremu berriak euskaldunduko dituen tresna, aliantza eta baliabideak aurkitzen» saiatuko direla diote. Horrez gain, urrats berriak egingo dituzte: «Produktuen etiketekin eta webguneekin egindako antzera, polita litzateke ekoizleak euskalduntzen hasteko pausoak ematea». Gainera, eraldaketa sozialaren ikuspegia «jardunaren erdian» jarriko dute.

2012an egin zuten aurrenekoz udazkeneko saskien egitasmoa, eta Errigorako kideek diote
«sakon errotu» eta «hazten» ari dela.

Bost urtetan ia 500.000 euro bideratu ditu Errigorak Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara, eta 2.000.000 euro hango ekoizpenera. Xabi Aizpurua Ugarte Errigorako lantaldeko kideak azaldu duenez, Nafarroan aldaketa politikoa eman bada ere, hegoaldea euskalduntzeko diru publikoa «nekez» iristen da: «Auzolanaren bidez lortzen dena sekulako altxorra da. Izan ere, euskaltegietako ikasleentzako bekak eskaini dira, irakasleen lan baldintzak hobetu dira...».


450 saski baino gehiago

Iazko udazkeneko kanpainan 450 saski baino gehiago saldu zituzten Urola Kostan. Aizpuruak dio bailarako herritarrak «euskaltzaleak eta jatun onak» direla, eta Errigorak biak «uztartzen» dituela. Haren aburuz, «hazten» ari da proiektua, eta «emaitza onak» eman baditu ere, «hobeak» lortu nahi  dituzte.

Urola Kostako herri gehienetan izango da saskiak eskatzeko aukera azaroaren 8a bitartean. Ondoren, azaroaren 21a eta 27a artean, banatuko dituzte saski horiek.


ERRIGORAREN SASKIAK
Aurten, bi saski desberdin osatu ditu Errigorak: zuria eta beltza. 20 ekoizle etxetako produktuekin osatu dituzte horiek. Azaroaren 8a baino lehen eskatu beharko dira www.errigora.eus webgunean, kaleratu dituzten inprimakiak beteta edo herriz herri eskaerak egiteko jarri dituzten tokietan.

  • Saski zuria, 50 euro. Txokolatezko gutiziak, pasta ekologikoa, arroza, polboroiak eta teilak, udarea almibarrean, eskalibada, pikillo-saltsa, zainzuri lodiak, orburu-bihotzak, pikilo piperrak, ozpin ekologikoa, melokotoia almibarrean eta ardo ekologikoa.

  • Saski beltza, 50 euro. Oliba-olio birjina, mahats-zukua, potxak, melokotoi-marmelada, almendrak, borraja ekologikoak, pikillo piper mamia, zainzuri lodiak, orburu-bihotzak, pikillo piperrak, ozpin ekologikoa, melokotoia almibarrean eta ardo ekologikoa.