Atzegizaleei aitortza

Zarauzko Hitza 2016ko urr. 21a, 20:41

Adimen urritasuna dutenen egunerokoa errazten duten pertsonei euren jarrera positiboa aitortzea du helburu Atzegiren kanpaina berriak.

Adimen desgaitasuna dutenen egunerokoa errazten dutelako. Kalea atzegizaleago egiten dutelako. Erosketak ordaintzerakoan, kalean agurtzerakoak, irrifarre bat eskaintzerakoan... Egunerokoan keinu txikiekin "alde handia" egiten dutelako. Pertsona anonimo horien jarrera positiboa aitortzea du helburu Atzegiren kanpaina berriak.

Gaur aurkeztu dute kanpaina Zarautzen, eta bertan bildu dira atzegizaleak, adimen desgaitasuna duten pertsonen familien Gipuzkoako elkarteko kideak eta Miren Letamendia Osasuneko zinegotzia. Musika plazan elkartu dira, "gure herriko kalean", kanpaina berriko leloari keinu eginez. "Kaleatzegizale du izena leloak. Izan ere, kalea atzegizaleagoa izatea lortu nahi dute elkarteko kideek, jarrera positiboak orokortuz eta ingurune inklusiboagoa lortuz", adierazi du Letamendiak.

Tarjetak eta argazkiak

Atzegik egiten duen lana eskertu du eta nabarmendu du adimen urritasuna duten pertsonak "diren bezalakoak, euren erritmoarekin eta izaerarekin, errespetatzen dituzten dendari, bizilagun eta bestelakoak balioan jarri nahi" direla kanpaina berriarekin. Egun Urola Kostan 100 familia bazkide daude—adimen urritasuna duten 101 pertsona ordezkatzen dituzte—, 160 kolaboratzaile eta 407 atzegizale. Atzegitik jakinarazi dutenez, "asko eta asko dira gure ingurunean jarrera positiboak dituztenak eta sarritan ez dira kontziente jokaera atzegizale hauek duten garrantziaz".

Horien guztien ekarpena saritze aldera, tarjetak banatUko dizkiete euren jarrera baikorra eskertuz. Era berean, adimen urritasuna duten pertsonek marko baten laguntzaz argazkiak aterako dituzte kaleatzegizaleekin, gerora Atzegiren microsite-an zein sare sozialetan zintzilaikatzeko. Informazio osoa Atzegiren web orrian dago eskuragarri.