Errege Kopako finalerako sailkatu da Halterofiliako gizonezkoen senior taldea

Zarauzko Hitza 2016ko aza. 1a, 18:30

Azaroaren 19an jokatuko da kopako finala, Madrilen.

ZKEko Halterofiliako gizonezko seniorrek Ohorezko Ligan 7. postua eskuratu dute liga nazionaleko azken jardunaldia jokatu ondoren, eta Errege Kopako finalerako sailkatu dira. Taldeak 9.703,31 puntu bildu ditu guztira liga horretan; azken jardunaldian 1.682,72 puntu, taldearentzat urteko puntuazio altuena.

Azaroaren 19an jokatuko da kopako finala, Madrilen. Azken aldiz, 2004ean hartu zuten parte zarauztarrek  final horretan. Orain, 12 urte eta gero, puntako pultsolariekin lehiatuko dira berriz ere. Seniorren taldea zortzi pultsolarik osatzen dute: Stepan Tsirkin, Daniel Lopez, Jon Mendizabal, Iker Guillamon, Borja Bravo, Imanol Zulaika, Cristian Vazquez eta Jaizki Mendizabalek. Enrike Kortajarena eta Juan Antonio Mendizabalek horietatik sei aukeratu beharko dituzte koparako. Hori "zaila" izango dela nabarmendu dute entrenatzaileek, eta azken asteetako prestakuntzaren araberakoa izango dela aukeraketa.

"Sailkapen hori uste baino lehenago iritsi da", dio Jon Mendizabal Halterofilia saileko presidenteak. "Duela hiru urte, 2017ko probara begira taldea osatzea erabaki genuen. 2015ean finalerako sailkatzeko zorian egon ginen; hori ez zegoen gure helburuen artean. Horregatik, aurreratu eta 2016rako prestatzea erabaki genuen, nahiz eta oraindik ere formazioarekin jarraitu behar izan". Gaineratu du taldea baldintza onetan dagoela, alde batetik, beteranoek euren esperientzia gazteekin partekatzen dutelako, eta bestetik, gazteak dagoeneko barneratu dutelako teknika eta beharrezko puntuazioa lortzeko adina pisu jasotzen dutelako.

Lan gogorraren emaitza

Bigarren taldea, berriz, 21. postuan sailkatu da, 7.972,09 puntu bilduta. Zarauzko 13 pultsolari aritu dira bigarren mailan. "Talde horrek lehen taldeak 2012an lortu zuen puntuazioa berdindu du". Bigarren taldea lehenbizikoaren bidea jarraitzen ari da Mendizabalen arabera, eta laster lehenbiziko taldean sartzeko prest egongo dira batzuk.

Emakumezkoek, berriz, 27. eta 57. postuetan amaitu dute liga. Halterofilia sailetik nabarmendu dute "benetako garaipena" taldea osatu izana dela: "Meritu handia du emakumezkoen taldeak, tradizioz gizonezkoena den kirol batean aritzeagatik eta entrenatzeko zailtasunei aurre egiteagatik. Izan ere, halterofiliako gimnasioan ez dago emakumezkoentzat aldagelarik, eta kiroldegikoa erabili behar izaten dute".

17 urtez azpiko taldea ere nabarmendu dute Halterofilia sailetik. Sei kideko taldea osatzeko, 7 pultsolari izan dituzte entrenatzaileek urte osoan zehar. "Pultsolari horiek junior mailan ariko dira datorren urtean, eta bigarren taldean lekua egiteko borrokatuko dute. Hortik lehenbiziko taldera heltzea espero dugu".

ZKEko Halterofilia saileko kirolarien lorpenak egindako lanaren emaitza direla adierazi dute. Aurreratu dute abendurako txapelketa bat antolatuko dutela denboraldiari amaiera emateko. Orain, ordea, Espainiako taldeen arteko txapelketa eta Errege Koparako antolatu beharko dute. "Orain aurreikusi ez genuen gastu bati egin beharko diogu aurre. Aurreikuspenen arabera, urteko aurrekontuaren %20 izango da hori".