«Hain ezaguna ez den» migrazio fenomeno baten nondik norakoak ezagutzeko aukera izango da bihar Zarautzen: 1940-1975 urte en artean, euren etxea utzi eta neskato (edo neskame) gisa Ipar Euskal Herrira zein Frantziara lanera joan ziren hainbat eta hainbat emakumeren istorioa, hain zuzen. Haiei «hitza eta garrantzia» eman nahi izan die Jon Abrilek eta, horretarako, 15 emakumeren testigantzak jaso ditu Neskatoak dokumentalean. Bihar aurkeztuko du Modelo aretoan, 20:30ean.
Beste hainbatek bezala, Abrilek etxean entzun izan ditu istorio horiek. Bere amona, amatxi, gazterik alargundu zen eta bizimodua aurrera ateratzeko lanera joan behar izan zuen iparraldera. Hala egin zuten bere aitaren hiru lehengusinek ere. «Ni beratarra naiz, eta garai hartan, 50eko hamarkadan, gure eskualdean aukera sortu zen, bereziki Ipar Euskal Herrira, eta gero handik Frantziako hiri handietara joateko lanera».
Horrek bere eskualdean beste hainbatetan baino eragin «askoz handiagoa» izan zuen, batez ere, hurbiltasun geografikoagatik, eta baita industrializazioa berandu heldu zelako ere. «Zugarramurdi bezalako herrietan, muga-mugan daudenetan, etxe aberatsenetakoak izan ezik, ia etxe guzti-guztietan bazegoen norbait alde egin zuena. Beharra eta miseria hain zen handia...».
Hala ere, Euskal Herri osora hedatzen den fenomenoa dela dio Abrilek, «ohikoa» eta «ezezaguna», aldi berean. «Neurri ezberdinetan, baina Gipuzkoa bertatik ere jende mordoa joan zen modu horretan, bai Parisera, eta baita Ipar Euskal Herrira ere». Horrez gain, probintziako herrietatik hirirako emaria ere «oso ohikoa» zen, haren arabera: «Gipuzkoan, bereziki, Zarautzera eta Donostiara jende asko joaten zen barnealdeko herrietatik, neskato lanetan aritzera».
Dokumentazio falta
Abrilek bazuen horren berri baina konturatu zen gaia ez zegoela landuta, «ez zela inongo materialik sortu» horren inguruan. Hori frankismoaren beste ondorio bat izan zela dio dokumentalaren zuzendariak. «Bestelako migrazio prozesu batzuk aztertu izan dira, bereziki, Ameriketara artzain joandako gizonena; neurri txikiago batean, Frantziara mendi lanetara joan zirenena edota Ternuara joan ziren arrantzaleena».
Zentzu horretan, beti gizonezkoen ikuspegia landu dela dio, eta emakumeen migrazio fenomeno hori «batere» ikertu gabe dagoela. Horrenbestez, proiektua bideratzea erabaki zuen Abrilek. Dokumentazio lana, ordea, «oso zaila» egin zitzaion. «Apenas zegoen ezer», nabarmendu du. 1960. urtearen bueltan Espainiatik Parisera joandako emakumeen migrazio prozesua «zertxobait» aztertu da, baina «besterik ez».
«Topatu dudan datu bakanetako bat da, 1960an Parisen 40.000 emakume espainiar zeudela etxez etxeko zerbitzuan lanean. Horrek ematen du dimentsioa zer izan zen hemendik joandakoena ere. Bereziki, hurbiltasunagatik, gure inguruan ikaragarria izan zen». Zentzu horretan, hutsunea badagoela aitortu du Abrilek. Horrek «are bultzada handiagoa» eman zion testigantzak biltzeko, hori baita «geratuko den informazio bakarra».
Hala, 15 emakumeren testigantzak jaso ditu: Anttoni eta Juanita Altzugarai Mitxelena, Joxepa eta Carmen Altzugarai Lazkano, Crucis Apeztegia Gortari, Maittere Arribillaga Danboriena, Mikela Goienetxe Danboriena, Pakita Burguete Iratzoki, Sagrario Goñi Mitxelena, Carmen Indaburu Larrondo, Pakita Iratzoki Beratsain, Felisa Irungarai Inda, Mari Carmen eta Ramoni Tapia Goñi eta Inma Uranga Telletxea.
Horrek «oso ezkutuan egon den emakumeen errealitatea» ezagutzeko aukera eman dio Abrili, haiek modu zuzenean kontatuta. «Hori da dokumentalaren funtsa eta arima». Eta baita sasoi hartako egoeraren berri izatekoa ere. «Ikaragarri gogorra zen orduan ere. Batetik, arrazoi ekonomikoa bazegoen, baina bestetik, egoera bera ere bai. Urte oso ilunak izan ziren, politikoki, sozialki zein kulturalki, eta horrek ere eman zien aukera». Hori ere nabarmendu du dokumentalean.
«Akats berak»
Era berean, orduko eta gaur egungo egoerak alderatu ditu lanean. «Egun munduko beste lurraldetatik dira gurera etortzen direnak baldintza gogorrenetan, gure gizartean egin nahi ez diren lanak egitera, bereziki, zainketa eta etxeko lanekin lotutakoak egitera». Abrilen arabera, zikloa egun errepikatu egiten da eta gaurko gizarteak ere lan horiek «ikusezin» egiten ditu. «50 urte geroago, akats berak errepikatzen» dira, alegia.
Aitzitik, hori jarriko dute mahai gainean bihar, emanaldiaren ondorengo solasaldian. Zuzendariarekin batera, dokumentaleko protagonistetako bat eta egun Zarautzen zaintza zein etxeko lanetan diharduen emakume atzerritar bat ariko dira euren esperientziak kontatzen. «Errealitate horiek ikusarazten».