Euskararen Eguna

Aurkeztu dute Euskararen Eguneko egitaraua

Zarauzko Hitza 2016ko aza. 25a, 15:23

Euskararen Eguneko itsaskor eta bideo lehiaketako sari banaketa ere egin dute.

Oraintxe eman dute abenduaren 3a Euskararen Nazioarteko Egunaren harira antolatu dituzten ekitaldiak. Aurten "egitarau oparoa" antolatu dutela jakinarazi du Zarauzko Euskara zinegotzi Nekane Iribarrek. Dagoeneko izan dira ekitaldi batzuk; hilaren 24ean Bram Barrabas filma eskaini zuten euskaraz. Astelehenean eta asteazkenean ere botako dute film hori. Igandean  eta astelehenean ere zinema izango da euskaraz; Kalebegiak bildumako 12 film laburrak botako dute.

Astelehetik abenduaren 2ra, berriz, antzerkiaz gozatzeko aukera izango dute udalerriko ikastetxe guztietako ikasleek, Goazen antzerkira programaren barruan. Didau faktoriaren Beldartxo Jatuna ikuskizuna eskainiko dute Modelon egun horietan. Astelehenean Antonianokoak ikusiko dute antzezlana, asteartean ikastolakoek, asteazkenean La Sallekoek, ostegunean haurreskolakoek eta ostiralean, berriz, Orokietakoek. 10:00etan izango dira emanaldiok.

Asteazkeneko literatur solasaldia ere Euskararen Egunarekin lotuta egongo da. Anjel Lertxundiren Zu izango dute hizpide parte-hartzaileak. Hurrengo egunean, abenduaren 1ean, berriz, Mikel Markez eta Eñaut Elorrietak Baga biga higa emanaldia eskainiko dute. Gonbidapena Sanz Enean edota turismo bulegoan jaso beharko da.

Kantu jira eta banderolak

Euskararen Egunaren bezperan, berriz, Bai euskarari ziurtagiria berrituko dute 35 dendari eta ostalarik. Era berean, batxilergoko ikasleak Durangoko Azokara joango dira, urtero bezala.

Abenduaren 3an, kirolguneetan Euskaraz bizi nahi dut banderolarekin argazkiak aterako dituzte eta Gaztelekuan euskarazko ekoizparen inguruko azoka jarriko dute. Arratsaldean, kantu jira egingo dute. Aurten berreskuratu eta Imanol Urbietaren omenez egitea erabaki dute, haren kantak abestuz.

Sari banaketa

Era berean, Euskararen Egunari lotutako itsaskor eta bideo lehiaketako sari banaketa egin dute. Hona hemen irabazleak:

Itsaskor lehiaketa

1. saria: June Ulazia (La Salle)

2. saria: Garazi Arcos (Salbatore Mitxelena)

3. saria: Irati Agoües (La Salle)

Bideo lehiaketa

1. saria: Litzi Laso, Sarahi Zelaia eta Asier Cruzen (Antoniano) Gure euskararen istorioa.

2. saria: Leire Etxaberen (Lizardi) Batu zaitez!

3.saria: Maialen Garitano, Luis Fius, Ibai Moragon, Oier Eizagirre, Ibrahim Luas, Aritz Aranguren eta Aimar Alberdiren (Antoniano) Euskera

Aipamen berezia: Maider Matilla, Janire Apastegi, Naiara Lete, Lorena Diez, Andrea Jurado, Amaia Perez eta Alejandra Zabaleta (Monte Albertia) 2EB A