Inauterietako Konpartsa sortu dute

Zarauzko Hitza 2016ko abe. 2a, 12:14

Udalak jarri du abian, Marisa Merino dantza eskolarekin elkarlanean, Zarauzko Inauteriak indartzeko asmoz.

Grease izango da estreinakoz egingo den egitasmo honetarako aukeratu duten gaia, "50eko hamarkadako erritmo dantzagarriengatik" eta "janzkera errazengatik". Marisa Merino dantza eskolako bi koreografo arduratuko dira dantza prestatzeaz eta entseguak zuzentzeaz.

Lehen aldia denez, udaletik herritar guztiak animatu nahi ditu bertan parte hartzera; adin guztietakoei dago irekia. "Guztion parte hartzeak indartuko baititu gure herriko inauteriak", adierazi dute udaletik.

Izena emateko azken eguna abenduaren 11a izango da, eta entseguetako klaseek 10 euro balioko dute. Lehen entsegua abenduaren 17an izango da, Aritzbatalde kiroldegian. Konpartsa otsailaren 25ek arratsaldean izango da.

Izena emateko edo informazio zabalagoa jasotzeko, udaleko jaien eta ekitaldien departamentuarekin harremanetan jarri daitezke interesa dutenek: 943-00 51 19 telefon zenbakira deituta edo jaiak@zarautz.eus helbidera idatzita.