Euskararen Eguna

Euskararekiko konpromisoa berretsi dute udalak eta herriko 32 eragilek

Zarauzko Hitza 2016ko abe. 2a, 15:38
Bai Euskarariren ekitaldia gaur eguerdian udaletxean (Aritz Mutiozabal).

Udalak eta Bai Euskarari elkarteak hitzarmena berritu dute gaur eguerdian, udalbatzar aretoan. 11 urte dira elkarlana abiatu zutenetik, eta urte hauetan guztietan asko izan dira Bai Euskarari ziurtagiria atera nahiz berritu duten herriko establezimendu eta eragileak. Aurten, 32 izan dira ziurtagiria berritu dutenak –tartean, Urola Kostako Hedabideak–, eta udalak 4.665,16 euroko ekarpena egin du aurten alor horretan.

Ziurtagiriaren elkarteko zuzendari Rober Gutierrez eta Zarauzko alkate Xabier Txurrukan sinatu dute akordioa. Gutierrezek esker hitzak izan ditu, eta urte hauetako elkarlana "emankorra" izan dela nabarmendu du. Esparru sozio-ekonomikoan euskararen erabilera indartzea helburuetako bat dutenez, establezimenduek eta eragileek urteotan izan duten eragina "harro egoteko modukoa" dela adierazi du: "Euskaraz lan egin eta bizi daitekeela erakutsi dute". Bere esanetan, oraindik lan handia dago egiteko, "baina haien ereduarekin errazagoa izango da".

Zarautz herri euskalduna dela azpimarratu du Txurrukak, biztanlegoaren %70a. "Baina oraindik ere euskaldunagoa izatea nahi dugu, eta halaxe izango da urte batzuren buruan euskararen normalizazioaren alde jarraitzen badugu". Horretarako, ezinbestekotzat jo du euskararen erabilera. Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektoreak garrantzi handia du udalerrian, eta "argi dago euskarak bere tokia izan behar duela bertan". Udalak bide horretan ahalegintzen ari direnei laguntzen jarraituko duela adierazi du alkateak.