Izurde bat agertu da hondartzan

Zarauzko Hitza 2016ko abe. 3a, 10:24
Izurdea hondartzan, malekoiaren bukaera aldean (aritz Mutiozabal).

Malekoiaren amaieran, dunen hasiera aldean, agertu da 08:00ak aldean. Uretaratzen saiatu diren arren, atzera itsasertzera itzultzen zen. Azkenean surflari batzuek itsaso barrura eraman dute taulaz lagunduta.

Izurde txiki bat agertu da goizen goiz hondartzan, eta haren presentziak ikusmina sortu du bertatik igaro diren herritarren artean. Antza denez, gaixo edo hiltzear daudenean itsasertzera gerturatzen dira, eta halakoetan egin ohi den bezala, Ambar elkarteari deitu diote animalia artatzera etor daitezen.

Bitarte horretan, hainbat alditan saiatu dira izurdea itsasora eramaten, besoetan hartuta eta arraun surfeko taula baten laguntzaz ere bai. Alferrikako lanak izan dira; izan ere, izurdea bera urertzera itzultzen zen behin eta berriz.

Azkenean surflari batzuek itsaso barrura eraman dute taulaz lagunduta, eta bere bideari ekin dio 11:00ak inguru zirela.

Erlazionatuak

Irudietan: Izurdea itsasertzean

Zarauzko Hitza 2016 abe 03 ingurumena

Bideoa: Izurdea hondartzan

Zarauzko Hitza 2016 abe 03 Zarautz