Asteazken arratsaldean zabalduko dute Erdi Aroko Azoka

Zarauzko Hitza 2016ko abe. 5a, 21:18
Iazko erdi Aroko Azokan, borroka erakustaldi bat (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Igandea bitartean 120 postu eta makina bat ekitaldi izango da herrian.

Abenduko zubiarekin bat eginik, aurten ere Erdi Aroko Azoka izango da herrigunean, Pegasus Mercados Tematicosek antolatuta, turismo bulegoaren babesarekin. Askotariko produktuen 120 postu jarriko dituzte asteazkenetik igandera arte, abenduaren 7tik 11ra. Postuen artean, Zarauzko Eskubaloiak eta Badok13 beteranoen arraun taldeak jarriko dituzte, jatekoa eta edatekoa eskainiz.

Azokaren irekierako pregoia asteazken arratsaldean egingo dute, 18:30ean, Lege Zaharren Enparantzan. Bost egunez askotariko ekitaldiak izango dira Lege Zaharren Enparantzan bertan, Kale Nagusian, Musika Plazan, Foruen Kalean, Erribera Zahar kalean eta Iturribide kalean: kontu kontalari ibiltariak, ehiza hegaztiak, fakirismo ikuskizunak, emanaldiak, antzerkiak, eta musika animazioa kaleetan zehar, besteak beste.

Berrikuntza bezala, aurten haurrentzako gune berezia jarriko du Torre Luzea parkean. Bertan, txotxongilo emanaldiak eta ipuin kontalarien saioak eskainiko dituzte.

Azokaren ordutegia 11:00etatik 23:30era izango da, asteazkenean izan ezik; lehen egunean 18:30etik 22:30era egongo da zabalik.