EHUko Gaur Egungo Historiaren Katedradun Ludger Mees (Amaia Ventas Aldabaldetreku)

Ludger Meesek 100 euskal sinbolo lana osatu du, historian aditu diren beste 15 lagunekin batera. Sinboloen garrantzia azpimarratu du, «gure historia ezin delako ulertu haiek ezagutu gabe».

Gure historiaren nondik norakoak aztertzen baditugu, konturatuko gara jendeak askotan gehiago egiten diola kasu sinbolo baten esanahiari, lider politiko baten diskurtsoari baino». EHUko Gaur Egungo Historiaren Katedradun Ludger Meesen esanetan, sinboloak mezu jakin bat modu oso grafikoan laburbiltzen dutelako dira garrantzitsuak: «Hitz gehiegi erabili gabe, edonork ezagutzen dituelako, edozeinek duelako horien inguruko ideiaren bat, gutxi gorabeherakoa bada ere».

Baina ez horregatik bakarrik. Meesen arabera, sinboloek emozioak ere pizten dituztelako dira garrantzitsuak gizartean. «Gure bizitza honetan, askok emozioek bultzatuta egiten ditugu gauzak, askotan arrazionamenduarekin soilik egin gabe». Zentzu horretan, sinboloek alde emozional hori ere badutela dio: «Jendea mugiarazten dute».

Orain arte sinboloei «kasu gutxi egin» izan zaienez,  hori aldatu beharra zegoela dio Meesek: «Halakoak ulertu gabe gure historia ezin baita ulertu». Horregatik, Zarauzko bizilagunak eta historian adituak diren beste 15 lagunek 100 euskal sinbolo aztertu dituzte. «EHUn badugu ikerketa talde bat, eta urteak daramatzagu hainbat zientzia azterketa egiten. Gure gai nagusia da euskal nazionalismoaren ibilbidea ikuspegi konparatibo batetik. Horren barruan sartzen dira azpigai asko; horietako bat da sinboloena». Lehenbiziko emaitza 2011ean atera zuten: Euskal nazionalismoko sinboloen hiztegi ilustratua (Diccionario ilustrado de simbolos del nacionalismo vasco), hain zuzen ere.

«Sinboloen inguruko liburu potolo bat da, 700 bat orrialdeetakoa. Konturatu ginen oso akademikoa zela, jende arruntarentzat agian oso urrun gera daitekeena». Hori zabaldu eta beste formatu batean aurkeztea erabaki zuten, eskuragarriago jartzeko helburuarekin. Hori da, hain zuzen ere, argitaratu berri duten 100 euskal sinbolo: Identitatea, kultura, abertzaletasuna lanaren erronka. «Edozein euskal herritarrentzat sortu dugu, euren historia eta nondik norakoak ezagutu nahi dutenentzat».

Euskal Herriarekin, pertsonaia esanguratsuekin, historiarekin, politikarekin eta kulturarekin lotutako sinboloak aukeratu dituzte, askotariko sinboloak. Aukeraketa bera «lan zaila» izan dela aitortu du Meesek, eta taldekideen artean ere eztaibaidak izan dituztela batzuren inguruan. Horregatik, sinbolo batzuk kanpoan utzi behar izan dituzte. Meesen arabera, baina, garrantzitsuenak liburuan jasota daude; ehun, guztira.


Bilakaerak

Jose Antonio Agirre lehendakaria, Gernikako arbola, Gernikako bonbardaketa, Gabriel Aresti idazlea eta Euskadi-Euskal Herria izenei buruz idaztea egokitu zaio Zarauzko bizilagunari. Azken horren kasuan, «herri honi izena emateko ere egon den eztabaida, Euskadi ote den ala Euskal Herria ote den... Mendeetan izan duen bilakaera aztertu dugu, horren atzean ez baitago borroka bat deiturari dagokionez. Hori lotuta zegoen kontzepzio politiko eta ideologikoei».

Aztertu dituzten sinboloetako batzuk oso ezagunak dira –ikurriña eta lauburua, esaterako–, baina beste batzuk nondik datozen askok ez dakite, txapela kasu. «Jendeak agian pentsatuko du Erdi Arotik datorren zerbait dela. Erdi Aroan ez zuten txapela janzten; hori XIX. mendeko fenomeno bat da», dio Meesek. Tolosako Elosegi enpresa hasi zen horiek sortzen eta ezagutzen joan zen. Gero, nazionalismoaren barruan, bereizgarri bezala erabiltzen hasi ziren.

Karlistadetan ere nahikoa hedatu zen; izan ere, karlistek txapela gorria erabiltzen zuten. «Ez da betiko fenomeno bat izan, baizik eta garai jakin batean hasitakoa eta gerora batzuk aprobetxatutakoa, mezu politiko bat edo euskaldunen berezitasuna islatzeko».

Sinboloen inguruan halako gorabeherak badaudela nabarmendu du: «Egungo gazteek agian ez lukete jakingo azaltzen oso ondo zein izan zen Pasionaria [Dolores Ibarruri], baina bere garaian izugarrizko indarra izan zuen». Beste batzuk bilakaera bat izan dute denboran zehar. Horren adibide da Mario Onaindia. «Burgosko prozesuan izan zen epaitua. Denok ikusi dugu argazki hori: Onaindia besoa altxatuta Eusko Gudariak kantatzen». Ezker abertzalearentzat frankismoaren kontrako «sinbolo garrantzitsua» bihurtu zen, baina gero «erabateko bilakaera politikoa» izan zuen: «Euskal alderdi sozialistan bukatu zue,n eta traidore bihurtu zen lehen goraipatzen zuten haientzat».


«Ibilbide aldakorra»

Aldaketa hori gertatzen da Euskadi-Euskal Herria kasuan ere. «Ezker abertzaleak beti Euskal Herria eta lurraldetasuna goraipatzen duelako. EAJk, berriz, Euskadiri buruz hitz egiten du, erkidego autonomikoa delako. Baina ez da beti hala izan». Nola aldatu den ere jaso du idatzian: «90eko hamarkada arte Euskadi terminoa erabiltzen zuten frankismoaren kontrako indarrek. Frankismoak horren kontra borrokatzeko berpiztu zuen lehendik zetorren kontzeptua: Euskal Herria. Euskadi hitza guztiz ukatzen». Horregatik, sinboloek ibilbide «aldakorra» izan dute.

Bestalde, batzuk besteak baino onartuagoak daude. «Oso zaila izango da sinbolo bat aurkitzea mundu guztiarentzat esanahi bera duena». Sektoreen araberakoa da, Meesek dioenez: «Egun ere, ikurriñaren esanahia ez da bera izango ezker abertzaleko batentzat eta Euskadiko PPko kide batentzat. PPko kide horrek ere onartuko du, baina Espainiako bandera ere jarriko du ondoan».

Alex Gurrutxaga zarauztarrak itzuli du euskarara, eta dagoeneko salmentan dago. Durangoko Azokan ere aurkeztu dute.