Ainara Aymat, Ainhoa Murua eta Zarauzko Eskubaloia, Gipuzkoa Kirolak sarirako hautagaien artean

Zarauzko Hitza 2016ko abe. 7a, 11:00
Ainhoa Murua triatleta, herrian egin zioten omenaldian (Aritz Mutiozabal).

Abenduaren 14an egingo dute Gipuzkoako Kirolaren Ekitaldia, Irunen, eta bertan banatuko dute saria. Gipuzkoarren Kirola saria ere emango dute, eta hau jendearen botoen bidez erabakiko da.

Gipuzkoako kirol federazioek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zerbitzuarekin lankidetzan, hainbat hautagai proposatu dituzte Gipuzkoa Kirolak sarirako. Kirol merezimenduengatik Gipuzkoan gehien nabarmendu den kirolaria edo kirol taldea saritzea du helburu aitortza honek, eta hautagaien artean, Zarauzko Eskubaloia, Ainara Aymat surflaria eta Ainhoa Murua triatleta daude.

Gipuzkoako Surf Txapelketako irabazlea da Aymat, eta mundu mailako zirkuituko probetan lehiatzaile izatea baloratu dute. Muruaren kasuan, Rio de Jaineron bere laugarren Olinpiar Jokoak jokatu izana hartu dute kontuan. Zarautz Kirol Elkarteko eskubaloi atalaren jarduna ere gogoan izan dute.

Epaimahai tekniko batek erabakiko du nori eman Gipuzkoa Kirolak saria, eta irabazleak 2.000 euro jasoko ditu. Baina bigarren sari bat ere izango da –Gipuzkoarren Kirola saria–, eta jendeak boto bidez erabakiko duena; Gipuzkoa Kirolaken webgunean eman daiteke botoa, abenduaren 12a bitartean. Bozkatuenak 1.000 euro jasoko ditu.

Sari banaketa ekitaldia abenduaren 14an izango da, Gipuzkoako Kirol Ekitaldian; 18:45ean hasita, Irungo Ficoban.