Xabier Zabalak sortu du 20. Korrikaren abestiaren doinua

Zarauzko hitza 2016ko abe. 14a, 13:39

Gaur aurkeztu dute 20. Korrikaren abestia eta bideoklipa Iruñeko Kondestablearen jauregian. Zabalaz gain, bideoan ageri dira Oreka TXko kideak txalaparta jotzen eta Koldo Arakistain zarauztarra malabareak egiten. Otxandion hasiko da Korrika martxoaren 30ean, eta Iruñean bukatu apirilaren 9an.

Urola Kostako hainbat lagunek hartu dute parte abestiaren eta bideokliparen grabazioan. Zirkorrika abestiaren hitzak Uxue Alberdi Getariako bizilagunak sortu ditu, eta haiei Xabier Zabala zarauztarrak jarri die doinua. Eta honako hauek abestu dute: Izarok, Pettik, Miren Narbaizak, Jurgi Ekizak eta Oihana Fernandezek.

Korrika eta zirkoa batzen dituen abestia da 20. Korrikarena. Zirkoan oinarrituta dago, eta ekilibristak, funanbulistak, eskapistak, pailazoak, ilusionistak eta malabaristak ageri dira bideoklipean; tartean, Koldo Arakistain zarauztarra malabareak egiten.

Pirritx, Porrotx eta Marimototsek ere hartu dute parte grabazioan, baita Oreka TXko txalapartariek ere. Abestiari musika Jarauta 69 txarangako kideek jarri diote. Abestia Kaki Arkarazok grabatu du, eta Hiru Damatxok egin du bideoklipa.

Hona hemen Zirkorrika abestiaren hitzak:

Hizkuntzaren malabaristak,

akrobatak, trapezistak,

herri honen ilusionistak…

bidera atera gara, mundura atera gara,

herriz herri igaroko gara!

 

Bat, izan bat, egin bat,

Bat zuk eta bat nik, bat, denok bat,

bat eta batzuk gara,

hona-hara,

euskara bat, mundu bat.

 

Bi urteko ekilibristak,

su-irensle optimistak,

jaiotzetik ilusionistak…

bidera atera gara,

Korrika atera gara,

herriz herri igaroko gara!

 

Atso-agure kontortsionistak,

pailazoak, eskapistak,

euripean ilusionistak…

bidera atera gara,

mundura atera gara,

herriz herri igaroko gara!

 

Bat, izan bat, egin bat,

Bat zuk eta bat nik, bat, denok bat,

bat eta batzuk gara,

hona-hara,

euskara bat, mundu bat.

 

Ahots kordan funanbulistak,

fakirrak ta alkimistak,

ofizioz ilusionistak…

bidera atera gara,

Korrika atera gara, herriz herri igaroko gara!

 

Bizirauten espezialistak,

bi buruko aktibistak,

bihotzaren ilusionistak…

bidera atera gara,

herriz herri ibiliko gara!

 

Bat, izan bat, egin bat,

Bat zuk eta bat nik, bat, denok bat,

bat eta batzuk gara,

hona-hara,

euskara bat, mundu bat.