Hunkituta jaso du omenaldia Gallok

Zarauzko Hitza 2016ko abe. 17a, 22:26

Taulak altxata, surflari gazteek arkua egin diote udaletxeko atarian Aitor Frantzesena Gallori, eta modu horretan sartu da eraikinera, Ibon Illarramendi Koala lagun zuela. Udalbatzar aretoan harrera egin diete udal ordezkariek.

Xabier Txurruka alkateak txapela jantzi dio, Zarauzko Udalaren izenean, eta Udal Gobernuko kide eta PSE-EEko zinegotzi Gloria Vazquezek lore sorta eskaini dio. EH Bilduko kide Xabier Vazquezek eta Irabazi Zarautzeko bozeramaile Ana de Benitok ere hartu dute parte elkitaldian. Guztiek zoriondu dute munduko surf egokituko txapelduna, eta esker hitzak izan dituzte beretzat. Ondoren, Nahikari Gabilondok eta Felix Zubiak bertsoak abestu dizkiote.

Gallo hunkituta eta oso eskertuta agertu da: "Gaur da eguna, harrera honekin, lortu dudanak merezi izan duela sinesten hasi naizena".  Urteko helburu nagusia munduko txapelketa irabaztea zuela nabarmendu du, eta balentria lortu ahal izan duela. Horrekin lotuta, uneoro ondoan izan duen Koalari eskerrak eman dizkio.

Ekitaldiaren amaieran, berriro ere arkua egin diete surflari gazteek udaletxeko atarian, eta jarraian aurreskua egin diote; dantzariek eskutik heldu dute surflaria, dantza egiterako unean. Txistularien doinupean, eta herritar ugariren txalo artean bukatu da ekitaldia.

Erlazionatuak