«Garaipenak baino gehiago bete nau jendearen berotasunak»

Aritz Mutiozabal 2016ko abe. 20a, 09:00
Aitor Frantzesena 'Gallo', Ibon Illarramendi 'Koala'-rekin, larunbateko harreran (Aritz Mutiozabal).

Ostegunean ongietorria egin zioten lagunek eta Zarauzko Udalak harrera egin zion larunbatean Aitor Frantzesena ‘Gallo’ surflariari, munduko txapelketa irabazteagatik.

Surf egokituko munduko txapeldun izan berri zara, ikusmen arazoak dituztenen mailan. Garaipena al zeneukan helburu?
Bai, ni oso burugogorra bainaiz. Bizitza osoa kirolari eskaini diot, entrenatzaile eta irakasle bezala, eta oso gogorra izan naiz nire ikasleekin, gauzak ongi egitea gustatzen zaidalako. Kasu honetan nire tokatu zait gauzak ongi egin eta gogotik prestatzea, eta gauzak hala egiten direnean errazagoa da fruituak lortzea. Urte osoa eman dut entrenatzen, munduko txapelketaren bila joateko.

Iaz ere hartu zenuen parte...
Bai, baina iaz beste kategoria batzuk zeuden, eta ni zutik jarri eta ikusten zutenen multzoan barneratu ninduten. Iaz ezin izan nituen final-laurdenak gainditu, baina nirekin batera esku bat falta zitzaienak eta antzerakoak zeuden. Aurten, ikusmen mugatua edo ikusmen arazoak dituztenen kategoria sortu dute, eta bertan izan naiz txapeldun.

Beraz, garaipenaren bila joan eta erdietsi. Kontuan izanda duela urte gutxi itsu geratu zinela, sekulakoa izango zen zuretzat,ezta?
Halaxe izan da. Dena dela, gazteagoa izan banintz, beste modu batera hartuko nuke. Helduagoa izanda, uste dut tenple gehiagorekin hartzen ditudala gauzak. Alegia, oraindik ez diot ematen jende askok ematen diot garrantzia. Munduko txapeldun izan naiz eta oso polita da, baina niretzako balio handiagoa du ostegunean iritsi ginenean Argiñanon egin ziguten ongietorriak. Baita udalean eginiko harrerak ere. Itsu geratu naiz, eta  nik baino gehiago sufritzen dute besteek. Agian gogortu egiten zara pertsona bezala, eta gogortasun horrek halako garaipen baten aurrean ez dizu horrenbesteko zirrara eragiten. Gehiago hunkitu eta bete naute jendearen besarkadak eta berotasunak, zoriontzeko deitu nautenean, egin dizkidaten harrerek eta horietan nire aita zenaren lagunak txistuarekin entzuteak, munduko txapeldun izendapenak berak baino.

Txapelketara itzuliz, oso gutxigatik irabazi zenuen finalean.
Oso ongi ekin nion txapelketari, eta aurtengo kategorian eroso sentitzen nintzen. Prestakuntza ona osatu dut urtean zehar, olatu ezberdinetan ibiliz eta taula ezberdinak erabiliz, maila handia eman nuen txapelketako lehen txandetan. Hori kontuan izanda, aurkari guztiak ni garaitzera joan ziren, eta gauzak oso zailak jarri zizkidaten. Ibon Illarramendi Koala laguna aritu zitzaidan gida-lanak egiten, eta hark ezin zituen gainerako surflariak oztopatu. Hori niretzako kaltea zenez, aurkariek maiz bilatu zuten hori. Gainera, olatua oso konpaktua zen, eta lehiakide guztiok elkarren gainean ginen. Sekulako tentsioarekin ibili ginen, eta txapelketa erabat lehiakorra izan zen.

Koala bera aritu zitzaizun laguntzen eta zein olatu hartu esaten, uretatik bertatik.
Bai, eta urtean osoan ere berekin aritu naiz surf egiten. Beragatik izan ez balitz, agian ez nuen txapelketa irabaziko. Finalean, bukatzeko gutxi falta zela, bera aritu zitzaidan animatzen eta irabazi ahal nuela esanez. Zazpi puntuko olatu bat behar nuen, eta ezinezkoa iruditzen zitzaidan, baina bere babesari esker behar nuen olatua hartu eta garaipena eskuratu nuen. Bere laguntza ezinbestekoa izan da.

Aurten Espainiako eta munduko txapelketak irabazi dituzu. Zeintzuk dira zure hurrengo erronkak?
Ekoizpen etxe batzuekin ari naiz lanean, datorren urtean nire bizitzari buruzko dokumental bat errodatzeko asmoarekin. Lehiari dagokionez, Ameriketako Kopan parte hartzeko gonbidatu naute; apirilean hasiko da, Txilen. Horrez gain, abuztuan Hawaiin lehiatuko naiz, eta urte bukaeran Munduko Txapelketan.

Erlazionatuak

Hunkituta jaso du omenaldia Gallok

Zarauzko Hitza 2016 abe 17 Zarautz