Elikadura eta emozioei buruzko hitzaldi zikloa antolatu du Prebentzio sailak

Zarauzko Hitza 2017ko urt. 11a, 19:00
Alazne Agirrezabalaga nutrizionista izango da hizlarietako bat (Aiora LarraƱaga).

Hiru hitzaldi izango dira guztira, lehena hilaren 21ean, bigarrengoa hilaren 28an eta azkenengoa otsailaren 4ean.

"Jakina da gure gizartean obesitatea geroz eta gaixotasun ezagunagoa dela. Horren aurrean ematen diguten erremedioa gutxiago jan eta gehiago mugitu izaten da, baina askotan aholku hori betetzea ez da  erraza. Eguneroko egin beharra, lana, antsietatea, estresa eta hamaika egoerek elikadurarekiko dugun harremana baldintzatzen dute, aipatutako obesitatean eragina izateaz gain, elikadura nahaste desberdinen lehen pausoak izan daitezke. Guraso bezala, gainera, elikadurarekiko dugun harremana gure seme-alabek bereganatu dezakete, haiek ere gure pausoak jarraituz", azaldu du Miren Letamendia Prebentzio zinegotziak. Hori saihestu eta aurre egiteko, Zarauzko Udaleko Prebentzio sailak elikadura eta emozioei lotutako hitzaldi zikloa antolatu du, haurtzarotik janariarekiko harreman egokia sortzeko estrategiak azaltzeko.

Hiru hitzaldi izango dira guztira. Urtarrilaren 21ean Elikadura emozionala: janaria emozioak asetzeko erabiltzen dugunean saioa izango da Mireia Centeno psikologoaren eskutik. Astebete geroago, Alazne Agirrezabalaga nutrizionistak Elikadura emozionala saihesteko aspektu nutrizionalak emango ditu. Hirugarren eta azkenengo hitzorduan aurreko bi hizlariek elkarrekin elikadura emozionalaren prebentzioaren inguruan ariko dira, haurtzarotik janariarekiko harreman egokia sortzen laguntzeko.

Hitzaldiak goizez izango dira, 11:00etan kiroldegiko areto nagusian. Aurrez izena eman beharko da Prebentzio zerbitzuan, Zigordia kaleko 33. zenbakira joz, prebentzioa@zarautz.eus helbidera idatziz edota 943-005127 telefonora deituta. Informazio osoa eskuratzeko, Prebentzioko bloga bisita daiteke.