Baleen lorratzaren atzetik

Aritz Mutiozabal 2017ko urt. 12a, 09:35
Erdi Aroko balea harrapaketa irudikatzen duten grabatua (Xabier alberdik utzitakoa).

Balea handien harrapaketan aintzindariak izan ziren euskal arrantzaleak, eta horietatik olioa lortzen zuten, Euskal Herriko nahiz Urola Kostako ekonomia garapenean funtsezkoa izan zena.

Aurreko astean Getariako portuan agertu zen baleak oi­hartzun zabala izan zuen, bertakoen na­hiz ingurukoen ikus­mina piztuz. Egun zetazeoen presentzia anekdotikoa gertatzen bada ere, balea arrantzak garrantzia handia izan zuen Euskal Herriko eta Urola Kostako ekonomiaren garapenean. «Ez dakigu euskaldunak noiz hasi ginen balea harrapaketan. Arkeologikoki orain arte topatu ditugun datu zaharrenak  Goi Erdi Arokoak dira, XI. mendekoak», dio Albaolako ikerketa saileko zuzendari Xabier Alberdi historialari zarauztarrak. Beste herrialde batzuetan, Europako iparraldean, kalderoiak eta balea koskorrak harrapatzen zituzten, batez ere jateko, baina Euskal Herrian balea handiak harrapatzeari ekin zioten, olioa eskuratzeko. «Lehenak izango gara horretan, ain­tzindariak, eta beste guztiei erakutsiko diegu ondorengo mendeetan», nabarmendu du Alberdik: «Alegia, arpoiarekin jo eta ondoren lantzekin hiltzeko teknika, Moby Dick filman eta beste hainbatetan ikusten dena, Eukal Herrian garatu zen».

Balearen aprobetxamendu nagusia olioa zen; hau da, argiztapenerako, edozein makinaria, erloju, errota edota burdinola koipetzeko lubrikatzaile gisa eta xaboia egiteko. «Gaur egun petrolioak betetzen dituen hainbat eskari —plastikoa, erregaia, lubrikatzailea eta abar— betetzen zituen garai batean. Garai bateko petrolioa zenez, benetako industria eta ekonomia boteretsu bati buruz hitz egiten ari gara». Euskal Herrian bi produktu ustiatu ziren Erdi Aroan: balea olioa eta burdina. «Biak produktu estrategikoak izan ziren, eta bien sorburua izan zen Europan».

Olioaz gain, beste produktu batzuk ere aprobetxatzen ziren: bizarrak, esaterako. Baleak hortzak eduki beharrean filamentu batzuk dituzte ahoan, eta hesi gisa funtzionatzen dute, jaten dituzten krustazeo txikiak uretatik bahitzekoa. «Balea bizarra material elastikoa da, eta garai bateko kortseak, aterkien alanbreak edo labanen kirtenak egiteko erabiltzen zituzten».


Kapital iturria

Balea arrantza garai bateko «kapital iturri ikaragarria» izan zela azpimarratu du Alberdik: «Kostaldeko eskulanaren %70a balea harrapaketan jardun zen, Ternuan, Artikoan eta Patagonian. Baina kapital iturri izan zen heinean, beste jarduera ekonomiko batzuen garapenerako ezinbestekoa izan zen. Urola Kostan funtsezkoa izan zen ontzigintza, eta ontzigintzaren kapitalaren jatorri handi bat balea harrapaketa izan zen». Zehazki baleak harrapatzeko ontziak diseinatu zituzten, eta, adibidez, Zarautz ontzi txiki horiek eraikitzera espezializatu zen.

Industrializazio garaian, altzarigintzak sekulako garrantzia izan zuen Orion eta Zarautzen. Zumaian batez ere industria mekanikoaren garapena sustatu zen; itsasontzien motorrak eta baporeak eraikitzen hasi ziren, besteak beste. Industria horien guztien jatorria ontzigintza izan zela jakitera eman du historialari zarauztarrak, eta ontzigintzaren jatorria, berriz, balea harrapaketa. «XIX. eta XX. mendeko industrializazioaren jatorria eta gure garaietara iritsi diren hainbat gauzen oinarria hortik dator».


Modelo aldaketa

Balearen harrapaketa sistematikoa XVIII. mendean zehar utzi zuten Euskal Herrian, itsas merkataritzako jarduerarekin batera. «Mundu hori guztia XIX. mendean galduko da, modelo aldaketa bat gertatzen delako: ordura arte, mendeetan zehar Erdi Arotik itsasoa izan baldin bazen ekonomiaren bizkarrezurra, XIX. mendetik aurrera industrializazioak hartu zuen lekukoa. Azken finean, beste garraiobide batzuk agertuko dira: trenak, kamioiak, errepideak... Gaur egun indarrean dagoen modeloa, hain zuzen ere».
Industrializazioaz gain, baleak ere desagertzera egin zuten. Alberdiren hitzetan: «XVI. mendearen bukaera aldera, Ternuan sekulako gainbehera izan zen. Behar adina balearik harrapatzen ez zutenez, beste harrapagune batzuk bilatzen hasiko dira, Groenlandian, Artiko inguruan, Islandian eta Norvegian. Beste mende bateko egurraren ostean, XVIII. mendean arazoak daude Ipar Atlantikoan baleak harrapatzeko. Mundualizazio bat eman zen, eta baleazaleak toki urrunagoetara joaten hasi ziren».

Lehia horretan, batez ere, ingelesak eta iparramerikarrak aritu ziren. Euskal arrantzaleak ez ziren horretan murgildu: utzi egin zuten, merkataritzan mhasteko. Edonola ere, herri barruko balea harrapaketari ez zioten utzi. Herri barruko arrantzaren gainbehera etorri zen kanpoko  balea harrapaketaren galerarekin batera, eta ofizioa bera ere galtzen joan zen. «Balea bat Getariara etorri da eta guztiok hari begira egon gara, baina duela 150 urte harrapatu egingo lukete», adierazi du Albaolako kideak.

Eskualdean harrapatu ziren azken baleak XIX. mendearen amaierakoak eta XX.aren hasierakoak dira: 1878an getariarren eta zarauztarren arteko lehian, eta, 1901ean Orion, Kantauri Itsasoan harrapatutako  azkena. Alberdiren ustez, harrapaketa haiek asko dute mitotik, baita identitatetik ere. Azken harrapaketa haiek egoera jakin baten gertatu ziren: itsasoan ardaztutako mundu zaharra gainbeheran zen, eta garai bateko itsas heroi handiak —Joan Sebastian Elkano, kasu—, galtzear dira. Eta baleak harrapatzen ariko diren zarauztar, getariar eta oriotar horiek sentitzen dira itsas arrantzale handi haien ondorengo duin».

Hori guztia Erromantizismo garaian ematen da, eta balea harrapaketa elementu erromantiko-mitiko bilakatu zuten. «Euskal izaera zaharraren adierazpen bat zen, eta hori oraindik bizirik mantentzeko gai zirela erakutsi nahia zegoen». Ohorearekin oso lotuta zegoela dio historialariak: «Gainbehera hori Foruen galerarekin eta mendeetako euskal lurraldeen antolaketa independente horren erorketarekin batera eman zen. Balea harrapaketa haiek mundu zahar haren azken printzak bezala izan ziren».


«Erlikiak bezala»

Zarautz eta Getaria artean harrapatutako balearen hezurdura Donostiako Aquariumen dago erakusgai, balea haren bizarra eta Roke Etxabe arpoilari zarauztarraren argazkia nahiz zizelkatutako markoa Zarauzko Arkaitz-Mendi elkartean daude, eta Getariako Kofradian getariarrek erabilitako arpoiak eta lantzak. Gainera, bertso sortak atera zituzten gertakaria kontatuz, eta Orioko balearekin gauza bera egin zuten, aski ezagunak direnak. «Erlikia bezala gordeta daude horiek guztiak. Harrapaketa normala zen garaietan ez ziren gordetzen, irabazbide bat zen besterik gabe».

Identitate horrek bizirik dirau egun ere: Orion, Balearen Eguna ospatzen dute bost urtetik behin, harrapaketa antzeztuz; Getariako eta Zarauzko armarrietan, gainera, balearen irudia presente dago.

Erlazionatuak