Talaiak, herri bakoitzaren informazio iturri

Aritz Mutiozabal 2017ko urt. 12a, 09:05

Itsasoko informazio guztia talaien bidez eskuratzen zuten garaiko arrantzaleek: baleen, arrainen, merkatarien edota etsaien presentzia begiztatzeko erabiltzen zuten. Alberdik dio herri bakoitzak talaia sistema propio bat zuela informazio hori eskuratzeko. «Horien kokapenak oso bereziak dira, ahalik eta itsas eremu zabalena ikusteko, baina aldi berean ezkutuan, alboko herrietakoek seinaleak ikus ez zitzaten».

Balea harrapaketaren denboraldia neguan izaten zen, eta talaieroak horretarako egoten ziren bereziki urte sasoi honetan; izan ere, irabazien banaketa egiten zutenean kontuan hartzen zuten, abisua emateagatik. Urolako Kostan, herriz herri, ondorengo talaiak zeuden: Getarian, San Antongo gailurrean bi –Katxapon eta faroan–, Lasun talaia (Getariatik Zarautzerako errepideko lehen tunelean) eta Askizuko gainean; Orion, barran bertan eta Kale Nagusiaren  hasieran dagoen elizako zimitorioan; Zarautzen, Santa Kutzekoa (Allepunta gainean) eta Talaimendikoa;  eta Zumaian, faroan eta Talaimendin.

Zarautz-Getaria arteko pasealekuan eta San Antonen, adibidez, balea talaien hainbat plaka jarri dituzte, gune horiei erreferentzia eginez.