Xabier Alberdi: «Interesa piztu beharra dago»

Aritz Mutiozabal 2017ko urt. 12a, 09:30
Xabier Alberdi historialaria (Aritz Mutiozabal).

Euskal itsas historia dibulgatzeko beharra ikusten du Albaolako ikerketa saileko zuzendari eta historialari zarauztarrak. Arlo zientifikoan, AEBetan euskal arrantzaleen aztarnategiak bilatzeko lanean dabil.

Euskal itsas historian espezializatuta zaude. Itsasoak harrapatu zintuen ala zu zeu murgildu zinen itsasoan?
Nik uste dut itsasoak berak harrapatu ninduela. Etxetik jaso dudan zerbait izan da: aitak arrantzarako zaletasuna zuen, txalupa baizeukan moilan, eta umetatik ibili naiz arrantzan; gero, nire amonaren osabak izan ziren moilako azken traineruak izan zituztenak. Beraz, betidanik ezagutu izan ditut itsasoko kontuak etxean.

Hainbat elkarteko kide zara, eta ikerketa ugari egin dituzu. Oraindik asko dago ikertzeko?
Asko dago ikertzeko, eta oraindik gehiago dibulgatzeko. Hainbat ikerketa egin ditugu, eta jarraitzen da egiten, baina oraindik asko falta da. Euskal itsas historia ikaragarria da, mundu osoan eragina izan duelako: ontzigintzan, balea arrantzan, merkataritzan... Ez da egongo tokirik euskal arrantzaleak ibili ez direna. Historia anitza eta zabala da, eta asko dago egiteko. Baina historialariok ez dugu jakin herri mailan hedatzen. Arlo akademikoan egin da, artikuluak argitaratzen eta abar, baina historia hau guztiok jakin beharko genuke. Gure itsastartasuna funtsezkoa iruditzen zait gure herri izaerarentzat.

Zu Albaolako kide zara, eta dibulgazio hori egiten da faktoriatik bertatik. Bestalde, Urola Kostako Udal Elkarteak sustatutako hitzaldi ibiltarietan ibili zara eskualdeko itsas ondarearen berri ematen.
Hitzaldi ibiltarien helburua horixe zen, gure itsas historiaren berri eman eta herritarrengan hedatzea. Arrakasta izan dute, baina kopuru txiki batengana iritsi da, kontuan izanda zenbat bizi garen eskualdean. Ez du balio esatea jendeari ez zaiola interesatzen. Interesa, beste arloetan bezala, piztu beharra dago. Onartu beharra daukat ez dugula asmatzen, eta lanketa handia dugula egiteko. Azkenean, euskaldunok oso gure sentitzen ditugun gauzekiko harremana aldarrikatzen dugu. Euskararekin edo herrigintzarekin arreta pizten zaigu, baina itsas ondarearekin ez da halakorik gertatzen, nahiz eta izan baden. Erronka hor dago.

Une honetan, zerekin zabiltza buru-belarri?
Arlo zientifikoan, indusketa batzuk egiten aritu naiz Maine estatuan (AEB), eta une honetan horko aipamenak biltzen eta artxibo bilketa bat egiten nabil. Izan ere, hor euskal toponimia badago eta euskal arrantzaleen presentziaren aipamenak badaude. Gero, Albaolaren barruan, ontzigintzari dagokion bilaketa zehatz batzuk egiten ere ari naiz, San Joan ontziaren eraikuntzarekin zerikusia dutenak.


Eta nola iritsi zara Maineraino?
Dokumentu batzuk bagenituen euskal arrantzaleak bertan ibili zirela ziotenak. Oso kuriosoa da. Gainera, bertara iristen diren lehen ingelesak topatu zituzten euskal arrantzaleak eta bertako indiarrak euskal txalupekin. Albaolak hango Acadia National Park arkeologia elkartearekin batera, euskal aztarnategiak bilatzeari ekin dio. Bi udatan miaketak egin ditugu, baina euskal arrantzaleen aztarnategirik ez dugu topatu. Aldiz, indiarren aztarnategiak topatu ditugu euskal jatorrizko elementuekin. Horretan gabiltza, baina ez da batere erronka erraza. Hango kostaldeko eremu txiki batean aritu gara, eta eremu horretan 3.000 uharte daude. Arrasto batzuk bagenituen, eta horiei jarraiki ez dugu emaitzik izan, eta orain arrasto berri batzuk ditugula, ea lanean jarraitzen dugun. Hor interesgarria litzateke aurkikuntza bat egin eta AEBetako ikerlariek begiak zabaltzea, guretzako kostu oso handikoa delako.

Orain arte ez diogu kasu handirik egin indiarren eta euskaldunen arteko harremanari. Une honetan, Kanadan, Montrealeko unibertsitateko katedradun Ralph Loewen ikerketa proiektu bat garatzen ari da indiarren eta euskaldunen arteko harreman ekonomiko-kulturalei buruzkoa. Ez sinesteko moduko kontuak aztertu dituzte: nola indiarren buruzagiek euren semeak bidaltzen dituzten euskal baleontzitan Euskal herrira, euskara eta gure arrantza teknologia ikasi dezaten, nola egiten duten lan euskaldunentzat, eta ordainetan txalupak jasotzen dituzten.

Etxera itzulita, Euskalerriaren Adiskide Elkarteko kide numerario egin zintuzten ekainean. Zer suposatu du zuretzat?
Haiek proposatzen dute kide izatea, eta aitortza baten modukoa da. Elkartean sartzeko sarrerako irakasgai bat prestatu behar izaten da, tesina arin baten modukoa, eta normalean norbere sorterrian egiten da, baina nik Albaolan egitea aukeratu nuen, dibulgazioa eta euskal itsas historia uztartzeko. Nire hitzaldiak hori izan zuen ardatz: Elkano hartu nuen aitzakia, eta aztertu nuen zergatik dagoen euskal itsas historia baztertuta, arrazoi politiko-historikoak argudiatuz.