Sagardo Eguna 2017

Maria Luisa Ameztoi omenduko dute Sagardo Egunean

Zarauzko Hitza 2017ko urt. 16a, 12:09
Sagardo Egunaren aurkezpena, Zurekineko kide Asier Aldalur, Izetako kide Gotzon Iruretagoiena, Turismo zinegotzi Ixidor LarraƱaga, Urdairako Patxi Azkonabeitia eta Zurekineko kide Igor Azpitarte (Aritz Mutiozabal).

Larunbat eguerditik aurrera izango da jaia, Musika plazan, eta, guztira, zortzi sagardogilek hartuko dute parte. Baserria Km.0 ekimenaren idi-txuleta pintxoak dastatzeko aukera izango da.

Zurekin ostalaritza elkarteak Sagardo Eguna antolatu du zazpigarren urtez, Turismo bulegoarekin elkarlanean, eta aurten Maria Luis Ameztoi omenatzea erabaki dute, "duen ibilbide oparoagatik ez ezik, bere familia zabalak ostarlaritzan eta merkataritzan duen eraginagatik". Karlos Argiñano sukaldariaren emaztea da, eta harekin batera lan egin du urte askoan sukaldean, bai Golf Klubeko jatetxean bai egungo jatetxean bertan.

Zurekineko kide Igor Azpitartek adierazi duenez, elkarteko kideen artean galdeketa egin zuten aurtengo omendu nor izango zen erabakitzeko, eta guztiek egoki ikusi zuten Ameztoiren izendapena. "Aitortza hau elkarteak egin nahi badio ere, herri guztiarena izatea nahiko genuke".

Urtero bezala, sagardoaren denboraldi berriaren hasierarekin bat egiten du herriak, eta aurten ere Musika plazaren bueltan elkartuko dira larunbatean, 12:00etatik aurrera. Turismo zinegotzi Ixidor Larrañagak jakitera eman duenez, zortzi sagardogile hartuko dute parte ekitaldian: Aburuza, Agina, Izeta, Lizeaga, Petritegi, Saizar, Satxota eta Urdaira.

Oro har, iazko sagardoa izango dela adierazi du Urdairako arduradun Patxi Azkonobietak, aurtengoa oraindik botilaratu gabe dagoelako. Dena dela, sagardo ona dastatzeko eta giroaz gozatzeko aukera izango dela nabarmendu du. Izetako kide Gotzon Iruretagoiek aurreratu du eurek aurtengo sagardoa eskainiko dutela.

Edalontzia eta pintxoa

Urteroko dinamika bera izango du; hau da, 6 euroren truke nahi adina edateko edalontzia eta idi-txuleta pintxo bat eskuratuko du bertaratzen direnek. Pintxoa aparte erosi nahi duenak 3 euro ordaindu beharko du. Haragia Baserria Km.0 ekimenak jarriko duela azaldu du Azpitartek: "300 euskal baserri elkartu dira, goi kalitateko okela prestatu eta etxeetara eramateko. Beraien jarduna ezagutzera emateko, haiek eskainiko dute idi-txuleta ederra, guztiok probatu dezagun".

Aurreko urteetan ez bezala. aurten jatetxeetan sagardotegi menurik ez eskaintzea erabaki dute Zurekinek. Erantzun handirik ez zuela eta hainbat sagardotegi herritik gertu daudela ikusita, eskaintzak zentzu handirik ez zuela ondorioztatu dute.