Gallo: "Hainbeste lan egin duten horiek nire ibilbidea aitortu izana ohorea da niretzat”

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2017ko urt. 17a, 14:57
(Aiora Larrañaga Solaberrieta)

Gaur eguerdian izendatu dute Aitor Frantzesena Gallo Mahasti Jaun, Getariako San Anton Egunean.

San Anton Egunean txakolin uzta berria aurkeztu ohi dute Getarian, eta aurten ere gorriz markatuta zuten askok gaurko eguna. Eguerdian txakolin uzta berriaren aurkezpena egin dute Getariako frontoian, eta surf egokituko munduko txapeldun Aitor Frantzesena Gallo, eta Luis Irizar Sukaldaritza Eskola omendu dituzte, Mahasti Jaun izendapenarekin. Bertan izan dira omenduak, eta biek Getariako Txakolina jatorri izenari eskerra eman dizkiote, beren lana aitortzeagatik.

Aitor Frantzesena izan da hitza hartzen lehena, eta Getariako Meaga auzoko baserri batean jaio zela aitortu du. “Niretzat oso egun berezia da gaurkoa. Nik garrantzi handia ematen diot lanari, eta beti esaten dut lana eginda edozer lortu daitekeela bizitzan. Getariarrek txakolina mundu osoan ezagutzeko lan handia egin dute, eta hainbeste lan egin duten horiek nire ibilbidea aitortu izana ohorea da niretzat”, adierazi du. “Aupa Getaria eta Aupa Getariako Txakolina” esanez amaitu du Frantzesenak, bertaratu diren txalo zaparrada artean.