Urrats berrien eskean

Zarauzko Hitza 2017ko urt. 17a, 19:30
Jose Angel Iribar, Xabier Euzkitzerekin, Bisitaria programa grabatzen Zarautzen, duela urte batzuk. (ETB)

Euskal futbol selekzioaren azken partidak argazki ezohikoa utzi zuen: harmailak erdi hutsik. Hainbat euskal kirolari eta kirolari ohik diote horri aurre egiteko beharrezkoa dela Gabonetatik aparteko datetan eta aurkari indartsuagoen aurka jokatzea. BERRIAk erreportajea egin du, eta Jose Angel Iribarrekin hitz egin du, besteren artean.

Abenduaren 30ean izan zen urteroko ekitaldia: gizonezkoen futboleko euskal selekzioaren Gabonetako urteroko partida. Urteak joan eta urteak etorri, errepikatzen ari da, baina izan zuen ohiz kanpoko argazkirik, San Mamesko harmailek urteroko zalaparta eta jendetzarik ez baitzuten bildu. Horrekin batera iritsi dira, ostera, kritika eta hausnarketa egiteko eskaerak. Euskal kirolariek ere horretarako deia egin dute.

BERRIAk bederatzi kirolarirekin hitz egin du, tartean, Jose Angel Iribar futbol jokalari ohiarekin. Hona hemen haren adierazpenak:

Zer iritzi duzu futboleko euskal selekzioak Tunisiaren aurka jokatutako lagunarteko partidan gertatutakoaz?

«Kirol aldetik baikorra naiz, oso partida polita jokatu baitzuen euskal selekzioak, eta maila oso ona duela erakutsi zuen. Tira, beti egon da maila ona, baina orain hobea dela esango nuke. Hori partidari dagokionez. Bestalde, San Mames zelaia handia geratu dela esango nuke, 15.000 eserleku gehiago ditu eta. Eta argazki horrek itxura txarra eman zuen. Hala ere, partidak jokatzekoak direla uste dut, nahiz eta jokalarien etsipena ulertzekoa den. Ahalegin handia egiten dute euren opor egunetan partida hori jokatzeko».

Ofizialtasunaren aldeko aldarrikapena apalduta dago? Hala bada, zergatik? Nork du horren errua?

«Ez dut uste garairik onenean dagoenik. Partida hau adierazgarria izaten da, termometro bat baino gehiago. Errua norena den ez dakit, momentu bakoitza ezberdina izaten delako, eta lanean jarraitu behar delako. Itzuliko dira partida beroago horiek, baina uste dut horretarako aurretik partida horiek jokatu egin behar direla».

Zein irtenbide du auziak? Zer egin daiteke aldarrikapena hauspotzeko?

«Bakoitzak bere barruan egin beharko du hausnarketa. Jende askok esan dit jakin izan balu joango zela partidara. Horrela izan beharrean hasieratik joan izan balira beste kontu bat izango zen. Gizarteak ere zeresana badu, eta bultzada hori beharrezkoa da».

Erreportajea osorik irakurtzeko, BERRIA bisita daiteke.