Bizia, sendoa eta amorratua

Aritz Mutiozabal 2017ko urt. 18a, 09:30
Metralleta Bartzelonako La Junglan. (Mattin Izeta)

Bi minutura iristen ez diren zortzi abesti jaso ditu Metralletak bere lan berrian. Putzuzulo gaztetxean aurkeztuko du zuzenean, ostiral honetan.

Abenduan pare bat kontzertu eskaini ondoren, ostiral honetan etxean aurkeztuko du Metralleta boskoteak disko berria, Putzuzulon. Berez, 2014ko bukaeran grabatutako lana dute, baina oraintsu eman dute argitara, duela hilabete pasatxo. Berehala grabatu bazuten ere, konturatzerako asko luzatu zitzaien argitaratze kontua, batez ere diseinuarekin gorabeherak izan zituztelako. «Beroan ez genuen egin, eta kontua hoztu egin zen», dio talde baxu-jole Ander Epeldek. Atzeratzen bazihoan ere, plazaratzeko asmoarekin jarraitzen zutela zehaztu du Izotz Barrio abeslariak, «eta, gainera, biniloan».

Taldekideek biniloan entzuten dute musika, eta horren aldeko hautua egin dute oraingoan ere; 2012an argitara eman zuten LPa edo iraupen luzeko euren lehen diskoarekin bezalaxe. Oraingoan, zazpi hatzbetekoa da kaleratu dutena, 15 minutu inguruko iraupena duen diskoa. Hardcore, crust eta powerviolence ildoan, bi minutura apenas iristen ez diren zortzi abesti azkar bezain sendo jaso dituzte: Ez da egia, gezurra da, Itzalean, Arantzak, Beldurraren kultura, Hitz mutuak, SGAE, Erresistentziaren fruituak + Cucarachas eta Gaurkoan guk irabaziko dugu.

Zazpigarrena bi abesti dira bakar batean: batetik, 20 segundo irauten duen Erresistentziaren fruituak dago, eta bestetik, Cucarachas izenekoa, Leño taldearen izen bereko abestiko letrarekin egina. Disko bilduma baterako egin zuten bigarren abesti hori, eta orain berriro grabatu dute. «Hasieran euskaratzeko asmoa geneukan, baina azkenean bere horretan uztea erabaki genuen. Dena dela, musikak ez dauka zerikusirik, beste abesti bat baita», adierazi du Barriok.

Berriak sortzen

Lan berria duela bi urte grabatu  zuten arren, bertan jasotako abestiak «zaharragoak» dira. «SGAE, esaterako, LPan sartzeko asmoa geneukan. Musika grabatu genuen, baina letrarik ez zuenez, azkenean, kanpoan utzi genuen. Oraingo honetan berriz grabatu dugu». Lan hura argitaratu zutenerako abesti berriak egiten ari zirela nabarmendu dute, eta «orain ere, gauza bera gertatzen ari zaigu», dio Epeldek: «Diskoa atera da, baina bat edo beste jada ez ditugu zuzenekoetan jotzen».

Astero elkartzen dira entseatzeko, eta sortzen joan ahala funtzionatzen dute. Alberto Blazquez gitarristaren esanetan,  «sei bat abesti berri ditugunean horiek grabatzeko pentsatzen hasten gara. Baina grabatu eta kaleratzen ditugunerako, jada abesti berriekin hasten gara».

Hain justu ere, Vista Alegreko entsegu lokalean grabatu zuten disko berria, astebukaera batean, Corsarios Estudioseko Lolo Gorren gidaritzapean. «Soinuari dagokionez, egin dugun grabaziorik onena da», nabarmendu dute taldekideek. Letrei dagokionez, kritika eta aldarri soziala dira nagusi Metralletaren abestietan. «Egiten dugunak ere halaxe eskatzen du. Musika amorratua egin eta zeinen ongi nagoen abestea agian ez datoz bat», azaldu du Epeldek.

Autoekoizpenaren haritik kaleratu dute, eta euren kontzertuetan jarriko dituzte salgai, 4 euroan. Horrez gain, lagun dituzten zigilu batzuen bitartez han-hemenka banatuko dituzte. Baina euskarri digitalean doan eskuratzeko aukera ere jarri dute metralletataldea.bandcamp.com atarian. Bestalde, En Cinta Grabaciones zigiluaren eskutik kasetean ere aterako dute, Kataluniako LouisxArmstrong taldearekin partekatuta. Talde katalana grabatzen ari da, eta haiek bukatutakoan ikusiko du argia.


Tonbola eta guzti

Putzuzulo gaztetxean zuzenekoa eskainiko dute etzi, 21:30­etik aurrera, Gaupasion eta Ikaara taldeekin batera. Aurretik beste kontzerturen batean egin bezala, tonbola bat jartzeko asmoa dute, etxean dituzten disko, liburu eta elastikoekin. Taldekideen esanetan, «barreak egiteko, baina era berean diskoa bera finantzatzeko».