“Ameriketako Estatu Batuetan arrakasta izaten ari da txakolin gorria”

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2017ko urt. 18a, 10:19
Getariako Txakolina jatorri izeneko presidentea da Emilio Ostolaza (Aiora Larrañaga Solaberr

Getariako Txakolina jatorri izeneko presidente berria da Emilio Ostolaza, eta presidente gisa estreinakoz hartu du parte Txakolin Egunean.

Getariako Txakolina jatorri izeneko presidente moduan Txakolin Egunean parte hartu duzun lehen urtea izan da. Nolakoa izan da esperientzia?
Berria naiz karguan eta pixkanaka ikasten ari naiz. Hasiera denez, nahiko urduri jartzen naiz horrelako ekitaldietan, baina oso gustura nago dena primeran atera delako.

Noiz hartu zenuen presidente kargua?
2016an hartu nuen Getariako Txakolin jatorri izeneko presidente kargua. Bozketa bidez egiten da prozesua, eta gainontzeko upategietako ordezkariek aukeratu ninduten, lau urterako. Ilusioz hartu dut kargua, eta aitortu behar dut oso talde jatorra dudala inguruan. Zuzendaritza talde bat gara, eta oso gustura gaude.

Zenbat urte daramazkizu txakolinaren munduan?
Ni Agerre txakolindegikoa naiz, eta gure upategia zaharrenetakoa da. Gure aita hasi zen honetan, eta nik betidanik bizi izan dut txakolinaren mundua. Hogeitamar urte hauetan bertatik bertara parte hartu dut txakolinaren bilakaeran, eta arlo guztietan hobekuntza nabarmena izan dela esan dezaket. Garai bateko txakolina askoz gogorragoa zen eta garraztasun handiagoa zuen. Hala ere, upategiok ahalegin handia egin dugu txakolina hobetzeko, eta gaur egungo txakolina ardo ederra da.

Datozen urteetara begira, zein da jatorri izenaren erronka?
Gure nahia esportazioak indartzea da. Euskal Herrian txakolinaren kontsumoak ez du gora egiten, eta horren aurrean merkatu berriak ireki nahiko genituzke. Egia esan, azken lau-bost urteetan salmentetan gorakada bat eman da atzerrian, eta txakolina Euskal Herritik kanpo gero eta ezagunagoa dela konturatzen gara. Atzerriko kontsumitzaileari gero eta gehiago gustatzen zaio txakolina, batez ere txakolin gorria. Hemen ez du merkaturik, baina Ameriketako Estatu Batuetan eta beste hainbat herrialdeetan arrakasta izaten ari da txakolin gorria.

Jatorri izena indartzea al da txakolina ezagutzera emateko bidea?
Getariako Txakolina jatorri izenak ibilbide luzea du, eta ondo egindako lanaren erakusle da. Horregatik, garrantzitsua da upategiontzat jatorri izena sustatzea, ateak irekitzen dizkigulako. Elkarrekin banaka baino indartsuagoak gara, eta orain arte bezala jatorri izena indartzen jarraitzea da gure asmoa.

Aurtengo txakolinak zein berezitasun ditu?
Oso gustura gaude aurtengo uztarekin, oso txakolin ona baita. Uzta oso ona izan dugu mahats kopuruari dagokionean, eta txakolin zoragarria atera zaigu gainera. 11 gradu arteko txakolina dugu upategietan, usain gozoa eta freskoa duena.