Garaipen erosoa Babyauto Zarautzentzat

Zarauzko Hitza 2017ko urt. 19a, 10:12
Babyauto Zarautz eta Kaleidos Vigo Club taldeen arteko partida, Astin (Vildo Photo/ZRT).

32-7ko emaitzarekin irabazi zuen Kaleido Vigo Club talde galiziarraren aurka.

Euria eta lokatza lagun jokatu zuten norgehiagoka Asiko zelaian. dena dela, ez zen oztopo izan Babyauto Zarautzek bere jokoa erakusteko. Hasieratik ongi presionatu zuten Kaleido Vigo Club talde bisitaria, eta Joseba Galarragak partidako lehen entsegua lortu zuen, jarraian Xalbat Amilibiak transformatu zuena. Amilibiak berak lapurrtutako baloi bati esker etorri zen bigarren entsegua, eta 12-0koarekin jarri ziren aurretik.

Bigarren zatian ere nagusitasunez agintzen jarraitu zuen etxeko taldeak, markagailuan aldeak areagotuz. Galiziarrek ez zuten amore eman nahi izan, eta lapurtutako baloi baten poderiooz, entsegua eta tranformazioa lortu zuten, 7 puntu erdietsiz. Halere, Galarragaren bigarren entseguarekin, eta Facundo Oribe, Corey Simpsom eta Matt Macdougalek lortutakoekin, 32-7 irabazi zuen Babyauto Zarautzek.

Hurrengo jardunaldia larunbatean izango dute, Valladolideko Pepe Rojo zelaian, El Salvador elkarteko  bigarren taldearen aurka. Partida 16:30ean hasiko da.