Mailaz igota, apirilaren 20tik 23ra jokatuko dute Pro Zarautz surf proba

Zarauzko Hitza 2017ko urt. 19a, 17:50
Ariane Otxoa bizkaitarra, iazko txapelketan lehian. (Damien Poullenot)

QS 1500 mailara igo da Zarauzko txapelketa eta Europako Qualifying Series-eko sailkapenerako puntuagarria izango da. Europako surflari onenek parte hartuko dute.  

Aurten ere, Zarautz maila handiko surf lehiaren eszenatoki izango da. Pazko Astean jokatuko dute Pro Zarautz mundu mailako surf txapelketa, apirilaren 20etik 23ra, hain zuzen ere. Aurten, gainera, berrikuntzak izango dira. Izan ere, aurtengo proba iazkoa baino maila altuagokoa izango da: QS 1000 kategoriatik QS 1500 mailara igo baita. Hala, sariak ere oparoagoak izango dira, iazkoarekin alderatuta: 40.000 dolar banatuko dituzte irabazleen artean. Iaz 20.000  dolar eman zituzten saritan,  10.000 dolar gizonezkoen mailan eta beste 10.000 dolar emakumezkoen mailan. Iaz bezala, aurten ere sariak berdinduko dituzte bi mailetan.

World Surf League eta Gipuzkoako Surf Federazioak antolatu dute Pro Zarautz 2017 txapelketa, Zarauzko Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Gaur bertan aurkeztu dute proba Madrilen, Fitur Turismoaren Nazioarteko Azokan. Zarauzko alkate Xabier Txurrukak, Basquetour-eko zuzendari Harkaitz Millanek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendari Maite Cruzadok eta WSLko ordezkariek parte hartu dute ekitaldiaren aurkezpen ofizialean, eta aurreratu dute Europako surflari onenak batuko dituela. Izan ere, Zarauzkoa Portugalgo Santa Cruzeko eta Angeluko proben ondoren jokatuko dute, eta, beraz, «Europako egutegian posizio estrategikoa» du. Hala, 200 surflari inguruk parte hartuko dutela aurreikusi dute.

Gainera, Europako Qualifying Series zirkuituko sailkapenerako puntuagarria izango da. «Kategoriaz igotzeak, sariak eta jokoan dauden puntuak igotzea esan nahi du, maila altuagoko parte-hartzaileen interesa piztu eta erakarriko dituena», nabarmendu du Espainiako WSLko marketing arduradun Eduardo Cutinok aurkezpenean.

Kirol lehiaz gain, aurten ere, kontzertuak eta herri kirol ikuskizunak ere izango direla jakinarazi du Txurrukak.

Iazkoa, arrakastatsua

Urte batzuetako geldialdiaren ostean, iaz berreskuratu zuten mundu mailako surf proba. Alkateak jakinarazi duenez, «aurreikuspen guztiak gainditu» zituen: «Jendez gainezka egon zen Zarautz eta txapelketa guztian zehar izandako eguraldi ikusgarriaz gozatzeko aukera izan zuten gerturatu ziren guztiek».

«Izen handiko» surflariak lehiatuko ziren iaz, eta lehenbiziko aldiz emakumezkoek ere parte hartu zuten Zarautzen. Aurten ere bide beretik jarraituko du lehiaketak, maila altuago batean.