Zabaldu dute berrerabilpenari buruzko erakusketa

Zarauzko Hitza 2017ko ots. 1a, 12:38

Ezkerretik, BegoƱa Cabaleiro eta Gloria Vazquez, Munoan atondu duten erakusketan.

Igandera arte egongo da zabalik, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:30era. Erakusketaz gain, Emausek egiten duen lana ezagutzeko, tailerretan parte hartzeko, bigarren eskuko objektuen erosteko eta norberak etxean soberan dituenak uzteko aukera izango da bertan.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen sailak azaroan, Hondakinen Prebentzioaren Astean jarri zuen martxan 'Trasteak berrerabiliz, oroitzapen berriak eraiki' berrerabilpenaren inguruko kanpaina, Emaus fundazioarekin elkarlanean. Donostian, Zumarragan, Irunen, Eibarren eta Azpeitian izan ondoren, Zarautzera heldu da orain erakusketa ibiltaria. Gaur zabaldu dute, eta igandera arte izango da Munoa plazan, 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:30era.

Ireki bezain pronto egin dute erakusketaren aurkezpena Gloria Vazquez Ingurumen zinegotziak eta Begoña Cabaleiro Emauseko komunikazio arduradunak. "Hondakinen auzi konpontzeko, lehenbiziko pausoa horiek murrizketa izan behar du. Bigarrengoa, berriz, berrerabilpena", nabarmendu du Vazquezek. Hain justu, hori da Emausen lanaren helburua. Hori eta ekonomia zirkularra bultzatzea ere, "horrekin lanpostuak sortu eta hala zirkulua ixten delako".

Fundazio horrek egiten duen lana ezagutzeko aukera izango da Munoan atondu duten erakusketa gunean. Horrez gain, tailerretan parte hartu, bigarren eskuko objektuen erosi eta norberak etxean soberan dituenak utzi ahalko dute bertaratzen direnek."Bigarren aukerako objektuak prezio sinbolikoan erosi ahalko dira, eta baita bertan utzi ere, beste norbaitek berrerabil ditzan. Izan ere, askotan objektuak erabiltzeari uzten diogu, nahiz eta haien zikloa ez den amaitu. Aukera honekin, material horren bizitza luza dezakegu, hainbat jaberen bitartez", adierazi du Carbaleirok. Horrek, besteak beste, aldaketa klimatikoa eta baliabide naturalen agortzeko arriskuak ekiditen ditu.

Haren arabera, bi tailer eskainiko dituzte erakusketa zabalik dagoen bitartean. Batetik, ReutilArte deritzona. Saio horietan, parte-hartzaileek tramankulu berriak sortuko dituzte hainbat objekturekin. Gero, argazkia atera eta desegin egingo dituzte, ondoren datozenek gauza bera egin dezaten objektu horiekin. "Hala, sormena sustatzeaz gain, elkarbanatzen ikasten da, norberak erabilitako materiala gerora beste batek erabil dezakeelako", azaldu du Carbaleirak. Bestetik, kartoia berrerabiliz, haur txikiek arropa modu errazean tolestu dezaten gailuak egingo dituzte.

Zarautzen egon ondoren, Tolosan eta Arrasaten jarriko dute erakusketa.