«Euskarak ezin du geratu bideo jokoen esparru horretatik kanpo»

Aritz Mutiozabal 2017ko ots. 9a, 09:00
Game Erauntsia proiektuko kide Urtzi Odriozola eta Haritz Odriozola (Aritz Mutiozabal).

Internet arloko proiektuen Argia saria jaso berri du Game Erauntsia egitasmoak. Euskal bideo jokalarien komunitatea da, eta zaletasuna euskaraz partekatzeko helburuarekin sortu zuten. Proiektuko kideak dira Haritz Odriozola eta Urtzi Odriozola.

Ezustean jaso zuten Argia saria Game Erauntsia egitasmoko kideek. Ez zuten espero, baina pozik daudela adierazi zuten Urtzi Odriozola (Zarautz, 1986) eta Haritz Odriozola (Azpeitia, 1989) lehengusuek sari banaketa ekitaldian, «aitortza eta ikusgarritasuna» eman diolako proiektuari. Bideo jokoen bitartez erabiltzaileen artean euskara sustatzeko helburuarekin sortu zuten, eta gamerauntsia.eus webgunea dute topagune.

Antza denez, kuadrillako lagunen artean ekin zenioten.
Urtzi Odriozola: Hala da, bai. Kontua da 2013an sortu zela ideia, baina ia urtebete pasatu genuen ezer egin gabe. Mezu truke baten ondoren, 2014ko uda baino lehen elkartu ginen, eta kafe baten bueltan kontuari serio heldu eta uda aldean gorpuzten hasi zen: logotipoaren diseinua, webgunearen egitura... Hasiera batean, bideo jokalariek Youtubera igotako euskarazko bideoak gure webean txertatzea zen.

Beraz, webgune agregatzaile gisa ekin zenioten.
U.O.: Hori da. Guztiok kanal berean egoteko: Game Erauntsian. Euskaldunak hemen gaude esateko hasi ginen, nolabait ere.  Bizpahiru hilabetetan gorakada handia izan zuen. Batek hiruzpalau lagun ezagutzen zituen, eta gurean argitaratzera animatu zituen. Nik erabiltzailea sortzen nien, eta bertan editatu zezaketen. Horretan ari nintzela, sekulako bideoak egiten zituen baten berri eman zidan. Bideoa ikusten hasi eta ahotsa ezaguna egin zitzaidan: Haritz lehengusua zen. Telefonoz deitu eta gurekin bat egiteko proposatu nion.

Gai berdinarekin ari zineten, baina elkarren berri izan gabe?
U.O.: Nik ez nekien bideoak igotzen zituenik, youtuberra zenik. Denok sakabanatuta geunden.
Haritz Odriozola: Nik ere ez nekien hauek webgune bat sortu zutenik. Deitu ninduenean ez nuen zalantzarik egin. Aurretik, beste bi youtuberrekin batera hasita geunden, halako komunitate saiakera bat egiten. Podcast bat egiten genuen arren, indarra falta zitzaion. Youtube ez da komunitate bat sortzeko plataforma ona; bideoak igotzeko da, besterik gabe. Urtzik ideia aurkeztu zidanean, primerakoa iruditu zitzaidan webgune bat edukitzea. Hartara, komunitatea osatzen hasi gintezkeen, eta segregazioa hautsita, bideo jokalari youtuber euskaldunei batzeko aukera bat ematen zitzaien.
U.O.: Facebook eta twitterrekin lotu genuen plataforma, eta sare sozialetan zabaltzen genuen. Norberak jarraitzaile batzuk izan ditzake Youtuben, baina gurekin batuz gero jende gehiagorengana iritsi zaitezke. Hori zen gure amua.

Eta urtea bukatzerako 200 erabiltzailetik gora zeneuzkaten.
U.O.: Lehen hilabetetan hamar bat baginen, batetik zein bestetik elkar ezagutzen ginenak...
H.O.: Hasi eta segituan, Euskadi Irratiko Hiri gorrian saiotik deitu ziguten elkarrizketa egiteko. Saio hark mesede egin zigun, erabiltzaile ugari erregistratzen hasi zitzaizkigulako. Gainera, jende batek gugana jo zuen proiektuan sendoki parte hartzeko asmoz. Gaur egun administrazio taldean dagoen parte handi bat, alegia. Hala, elkar ezagutzen joan ginen.
U.O.: Baina ezagutu birtualki. 2014an, Durangoko Azokan egindako lehen aurkezpenean izan zen gure arteko lehen topaketa, eta gainera, jende berria elkartu zitzaigun. Adibidez, Bingen Galartzaren eskutik euskarazko Minecraft zerbitzaria martxan jartzeko ideia etorri zitzaigun. Nire ustez, hori izan zen boom handiena. Durangok bestelako proiekzio bat eman zion proiektuari.

Zer da zehazki Minecraft?
H.O.: Blokez osatuta dagoen mundu bat irudikatzen duen bideo joko bat da. Legoren tankera duena. Bertan egin behar duzuna da meategietara sartu, meatzatu eta metala atera, metalarekin erremintak egin... Suediar batek eginiko joko sinple bat da, Microsoftek erosi zuena, eta munduan gehien saldutakoa. Euskaraz zegoen, eta topatu genuen nork itzuli zuen ere, baina ezin izan dugu harekin harremanetan jarri.
U.O.: Galartzak izan zuen ideia izan zen Minecraft zerbitzari bat euskaraz eta publikoa sortzea.
H.O.: Bera lagunekin ibiltzen zen, baina ez zeukan zerbitzari potenterik jende asko sartzeko. Orduan, guri proposatu zigun.
U.O.: Guk baiezkoa esan genion, aterkia  jarriko geniola behar zuen azpiegitura eta alokatu behar zen zerbitzaria jartzeko.

Zeintzuk izan ziren eman zenituzten pausoak.
U.O.: Durangoko Azokaren ondoren, bloga eta foroa diseinatzeari ekin genion, eta uda ostean, finantzaketa kolektibo bat egin genuen, Minecraft zerbitzaria abian jartzeko. Hiruzpalau hilabetetan guztia muntatu genuen, eta 2015eko urrian ekin genion zerbitzariarekin. Hasieran, froga gisa, 20 lagunek aldi berean erabiltzeko aukera jarri genuen, eta 2016ko urtarrilaren 1ean martxan jarri genuen irekian. Gogoan dut orain arte webgunean izan ditugun bisita kopuru gehien orduan lortu genuela. Sarean geneukan txapelketa batekin egin zuen bat, eta kolpera 200 lagun erregistratu zitzaizkigun aste batetik bestera. Gaur egun, 500 inguru izango gara.

Eta urtebetera Argia saria lortu duzue. Ez al duzue guztia oso azkar doan sentipenik?
U.O.: Nik dudan sentipena da  elur bola txiki batekin hasi ginela, bola hori handitzen joan dela eta egun ia-ia horren atzetik goazela korrika. Horrenbeste handitu da, askotan alde egiten ari zaigula iruditzen zaidala.
H.O.: Ikusten dugu proiektu handiak jarri ditzakegula martxan, eta proiektu horiek izugarrizko lana eskatzen dutela azpiegitura aldetik. Proiektuetako bat da antolatzen ditugun txapelketak presentzialak izatea, eta horrek sekulako baliabideak eskatzen ditu: ordenagailuak jarri, zuzenean emateko tresneria... 2015­eko Bergarako Informatika Astean egin genuen halako txapelketa bat, baina zerbait ofiziala egin nahiko genuke.

Proiektu handiagoak aurreikusten dituzue, baina musu-truk aritzen zarete, zaletu gisa. Pentsatu al duzue beste izaera bat ematea proiektuari?
U.O.: Elkartea jada bagara. Iaz erabaki genuen elkarte bezala funtzionatzen hastea, eta diru laguntzak eskatzea. Ezin baitugu geure pol­tsikotik guztia jarri. Gauza batzuk bai, baina neurri batera arte.
H.O.: Badugu finantziazio sistema txiki bat, baina egun ditugun proiektuetarako da.
U.O.: Bazkidetza sistema bat ere sortu nahi genuen, eta hori legepean egiteko elkarte bat sortu beharra zegoen. Beraz, iaz irabazi asmorik gabeko bideo joko zaleen elkartea sortu genuen. Hala, diru laguntzetara aukezteko aukera ematen digu edo beste era bateko kolaborazioak egiteko.
H.O.: Jakina gustatuko litzaigukeela etorkizunean elkartean norbait lanean jartzea. Hori albiste ona litzateke. Proiektuak osasun ona daukala esan nahiko luke, baina momentu hauetan ezinezkoa zaigu.

Zenbatek osatzen duzue administrazio taldea?
U.O.: Hogei lagun gara Euskal Herriko hainbat tokitakoak, eta bilerak on line egiten ditugu. Urtearen bukaeran biltzarra egiten dugu Zarauzko Arkaitz-Mendi elkartean, lokal propiorik ez dugulako.
H.O.: Toki fisiko bat edukitzea ona izango litzateke: erredakzio txiki bat sortu genezake, txapelketak bertan antolatu, asteburuetan jendeari ireki, hitzaldiak eman...
U.O.: Eta lokal hori non jarri? Bilbon, Gasteizen...? Ala, beharbada, Zarautzen? Ez da erraza.

Eta Argia sariak nola harrapatu zaituzte?
U.O.: Sorpresaz. Gu geure kontuekin genbiltzan, eta ez genuen uste sarituko gintuztenik. Egia da beti kexatu izan garela bideo jokoen esparrua aparteko gauza bat bezala ikusten dela. Badaude zainduagoak diren esparru batzuk, dela literatura dela musika. Bideo jokoena ezezagunagoa da, alde horretatik. Saria eman badigute, norbait horretaz ohartu delako izan da, eta horrek poz handia ematen digu.

Sariak «aitortza eta ikusgarritasuna» ematen dizuetela esan zenuten saria jasotakoan.
U.O.: Hori da. Zalantzarik gabe, egiten ari garenari garrantzia handiagoa eman dio. Batez ere bideo jokoen estigma hori apurtzeko baliagarria da, frikien kontua dela dioena. Jendeak kontuan izan behar du ez garela lau lagun gure kontuetan gabiltzanak, baizik eta gauza serio bat egiten ari garela. Sari hau, gainera, aurkezpen txartel bat da norbaitengana proiekturen bat aurkeztera joan behar badugu.
H.O.: Askok uste dute bideo jokoak umeen gauzak direla, baina industria oso inportante bat dago hor atzean. Bideo jokoen industriak beste arte guztiek elkarrekin baino diru gehiago  mugitzen du. Orduan, euskarak ezin du esparru horretatik kanpo geratu. XXI. mendeko arte berria da hau , eta euskarak ezin dio hor konpon egin. Hori akats bat izango litzateke, gaur egungo gazteriaren batez besteko handi bat bideo jokoetan aritzen baita.
U.O.: Eta gazteak ez direnak ere bai. Jende asko ez da jabetzen bideo joko zalea denik; hau da, Facebooken ibiltzen direnak, buscaminasera edo mugikorretako Candy Crush bezalako jokoetan. Mundu hori normalizatzeko modua da. Izan ere, askotan indarkeriarekin eta gizonezkoen eremuarekin lotzen dira bideo jokoak, eta hemen bestelako jendea dago. Game Erauntsian badaude parte hartzen eta jokatzen duten emakumeak, nahiz eta oraindik gutxi diren.
H.O.: AEBetan egindako ikerketa batek dio bideo jokoetan aritzen direnen erdia baino gehiago emakumezkoak direla. Jakina, bideo joko motaren arabera aldatu egiten da hori: tiroketetako jokoetan gizonezkoak dira nagusi; mugikorretako jokoetan, aldiz, emakumezkoak.

Bideo jokoetan euskararen presentzia indartzeko edo hutsune hori betetzeko kontzientziarekin murgildu zineten honetan?
U.O.: Ni pertsonalki, bai. Nire profila gehiago zen euskararena, nahiz eta bideo joko zalea izan. Dena dela, taldean beti izan da kontzientzia: profil horretakoa da sartu den jende asko eta irauten ari dena nahiz proiektuan parte hartzen duena.
H.O.: Nik Xbox kontsola bat neukan, eta garai hartan on line jokatzeko aukera ematen zuen; gaur egun joko gehienek ematen dute. Ederra izaten da jokoan ari zaren bitartean, jendearekin hitz egitea eta gauzak partekatzea, baina garai hartan guztiek erdaraz egiten zuten. Euskalduna zen norbaiten bila ibiltzen nintzen, eta ez nuen zorte handirik izaten. Amorru horrekin-edo hasi ginen popcast haiek egiten youtuben, eta Game Erauntsiaren berri eman zidatenean batu egin nintzaien.
U.O.: Oraindik elkarte ez ginela, komunitate gisa ekin genionean, helburuetako bat zen euskara sustatzea bideo jokoen bitartez, eta horrela hasi ginen.
H.O.:  Eta egungo gazteek bideo jokoen berri euskaraz izan dezaten. Erdarazko giro batean ohituta, heldutakoan erdarara jotzeko joera gehiago izango duzu.
U.O.: Hutsune bat betetzeaz gain, bideo jokoek duten harrerarekin  gure hizkuntzari beste maila eta sona bat eman ahal geniola pentsatu genuen. Gainera, euskara lotzen genuen teknologia berriekin, modan dagoen zerbaitekin, baita aisaldiarekin ere.
H.O.: Joko batzuek euren testuak itzultzeko aukera eskaintzen dute, eta batzuk euskaratu ditugu. Askotan termino batzuk euskaraz sortu behar izan ditugu, inon jasota ez dagoelako. Belarrira ondoen egiten diguna.

Epe laburrera, proiektu berririk ba al duzue esku artean?
U.O. eta H.O.: Podcast bat abian jartzeko asmoa dugu. Web telebista bageneukan, baina aurkezleak utzi egin zuen eta ez diogu jarraipenik eman. Hala ere, berpizten saiatuko gara komunikabideren batekin elkarlanean. Gero, txapelketa baten finala era presentzialean egin nahi dugu, joko batzuk euskaratu, beste joko baten zerbitzaria sortzeko aukerak ikusi... Bestalde, joko retroen kontsola bat daukagu euskaratuta, Super Mario eta Zelda bezalakoekin, eta ikusiko dugu horrekin zer egin.