Kiroldegiko langileen auzia

Udal Gobernuaren adierazpena, kiroldegiko langileen greba deialdiaren aurrean

Zarauzko Hitza 2017ko ots. 15a, 16:08
Aritzbatalde udal kiroldegia. (Aritz Mutiozabal)

BPXport eta Balea Igeriketa enpresetako langileek, hau da, kiroldegiko langileek nahiz ELA sindikatuak lanuzteak antolatu dituzte ostegun eta ostiralerako, lan baldintza duinak aldarrikatzeko. Horren aurrean, Udal Gobernuak honakoa adierazi du, prentsa ohar bidez:

  • Aste honetan zehar egin dituzten bileretan, udal ordezkariek ondokoa adierazi dietela kiroldegiko langileei zein bi enpresei: batetik, udalak argitaratuko dituen pleguetan langileen lanpostuen subrogazioa eta baldintza ekonomikoak jasotzen direla eta baldintza hauek soldata eguneratu zein duin batzuk txertatuta dituztela; eta bestetik, hitzarmen kolektiboa 2013an bertan behera geratu zela-eta, bi enpresen eta langileen ordezkariei hitzarmen bat “lehenbailehen” sinatzea “komenigarri” ikusten dutela udaletik.
  • Kiroldegiko erabiltzaileei jakinarazi die Udal Gobernuak gutxiengo zerbitzuak eskatu dituela greba egunetarako, baina Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia saileko zuzendaritzak ez dituela lehentasunezko zerbitzutzat jo, eta beraz, ez dituztela eskainiko. Ondorioz, bihar eta etzi igerilekua eta gimnasioa itxita egongo dira eta bi enpresek eskaini ohi dituzten ikastaroak ere ez dituzte emango. Kirol elkarteek erabiltzen dituzten kantxak eta arrauneko eta halterofiliako instalazioak, ordea, zabalik egongo dira.
  • Osteguneko eta ostiraleko greben ondorioz kiroldegia itxita egongo denez, bazkideei jakinarazi die zerbitzua eskaini ez izanagatik kuota orokorrean eta ikastaroetako kuotan ordaina jasoko dutela. Gauza bera egingo dute otsailaren 2ko lanuzteagatik.