Kiroldegiko langileen auzia

«Larriena da bizi dugun testuinguru honetan pleguak argitaratzea»

Zarauzko Hitza 2017ko ots. 16a, 18:08

Atzo udalak publiko egin zituen kiroldegiko zerbitzuak kudeatzeko pleguak. Langileen aldarrikapenak ez daudela jasota diote ELAtik. Bihar ere greba egingo dute. 

«Pleguak Europako aldizkari ofizialera bidalita daude, baina oraindik ez dituzte publiko egin web orrian», jakinarazi dute ELA sindikatutik. Hala ere, Zarauzko Udalak atzo iluntzean kaleratu zituen kiroldegiko zerbitzuen kudeaketaren inguruko pleguak.  zarautz.eus webgunean daude ikusgai  eta, besteak beste, kirol zerbitzu horien inguruko baldintza teknikoak, kudeaketa baldintzak eta subrogatuko dituzten langileen zerrenda egin du publiko.

Behin argitaratuta, 40 egunean egongo dira jendaurrean, alegazioak edota aldaketak egin ahal izateko. «Nahiz eta Udal Gobernuko ordezkariek bileran esan ziguten pleguak ezin zirela aldatu, badakigu moldatu daitezkeela. Haiek nahi izanez gero, atzera bota dezakete, aldaketak egin eta abar. Borondate politikoa behar da horretarako, ordea», nabarmendu du ELAko Urola Kostako Zerbitzuetako ordezkari Janire Diazek.
«Orain begiratzen ari gara juridikoki zer egin daitekeen eta aurrera begira zein pauso emango ditugun», esan du Diazek. Oposizioko alderdiekin bildu dira, eta aukerak aztertzen ari dira. «Guretzat larriena da testuinguru honetan pleguak argitaratzea», nabarmendu du. «Pleguetan ez daude jasota kiroldegiko langileen aldarrikapenak, ezta hitzarmen kolektiboaren inguruko inongo erreferentziarik ere», esan du.

Hitzarmena, «airean»

Hain zuzen, Zarauzko Udalak publikatutako pleguetan honakoa jaso dute, zerbitzuen kontratua esleitzeko administrazio-klausulen agiriaren barruan, 17. puntuan: «Kontratuak dirauen bitartean aplikatzekoa den indarreko hitzarmen kolektiboa bete beharko du enpresa esleipendunak». Hitzarmena zehaztu gabe dagoela kritikatu du sindikatuak: «Baldintzetan ez dago definituta zein hitzarmen izango den enpresa berriak ezarri behar duena. Hor dago gakoa».  Eta hori da, Diazen arabera, langileentzat «larriena». «Guk nahi duguna da euren hitzarmena klausula baten bidez jasota pleguetan geratzea, baina airean uzten du».

Gaur greba ari dira egiten kiroldegiko langileek, ELAk babestuta: goizean kiroldegi atarian egon dira, hori itxita zegoela, eta orain, berriz, auto karabana ari dira egiten herrian zehar. Bihar ere lanuztea egingo dute: goizean kiroldegi atarian bilduko dira, eguerdian agerraldia izango da langileen hausnarketa plazaratzeko, 18:00etan kiroldegian bilduko dira eta bertatik udaletxe atarira bizikleta martxa egingo dute eta bukatzeko elkarretaratzea, 19:00etan.