Kiroldegiko langileen auzia

"Udal Gobernuaren erabakia da langileen baldintzak prekaritzatzen jarraitzea, enpresen mesedetan"

Zarauzko Hitza 2017ko ots. 17a, 12:30
BPXport eta Balea Igeriketako enpresetako langileak nahiz ELAko ordezkariak, gaur eguerdiko agerraldian. (A. Ventas Aldabaldetreku)

Kiroldegiko langileek hirugarren greba eguna dute. Agerraldia egin dute eguerdian, euren egoera plazaratzeko.

"Berdin jarraitzen dugu: arazoa mahai gainean eta konponbiderik gabe". Eguerdian prentsaurrekoa eskainiko dute BPXport eta Balea Igeriketa enpresetako langileek eta ELA sindikatuak. Beharginek egun bizi duten lan gatazkaren aurrean, Udal Gobernuko ordezkariei zer egingo duten galdetu diete: "Gezurrak esatez gain, arazoa konpontzen benetan saiatu al zarete? Bada garaia arduraz jokatzeko".

Aitortu dute "hilabete neketsuak" izaten ari direla. "Udalari hamaika aldiz deitu zaio, bilera eskakizun formalak egin zaizkio hainbatetan eta modu askotara saiatu gara eurekin bildu eta arazoari irtenbide bat ematen. Baina ez da posible izan. 10etik 2tan egin digute kasu eta horietan, justukoa", salatu dute. Horrekin batera, Udal Gobernuko kideek langileen plataforma 2016ko uztailetik dutela gogoratu dute, eta gaurkoa egiten duten 3. greba eguna dela nabarmendu.

Zarauzko Udalak herenegun iluntzean publikatu zituen kiroldegiko zerbitzuei dagozkien plegu berriak, besteak beste, baldintza teknikoekin, baldintza teknikoekin eta subrogatuko diren langileen zerrendarekin. "Ez dugu ahaztu behar langile hauek legez mantentzera derrigortuta daudela". Subrogazioaz harago, plegu horietan langileen lan baldintzak "arrisku larrian" jartzen direla nabarmendu dute. 

"Prekarietatearen atea irekita"

Udalak atera berri dituen pleguek "prekarietatearen atea irekita" uzten duela diote: "17. klausulan ondorengoa diote: kontratuak dirauen bitartean aplikatzekoa den indarreko hitzarmen kolektiboa bete beharko du enpresa esleipendunak. Honek zer esan nahi du? Orain arte aplikatutako hitzarmena indarrean ez badago edo ez bada langileek aldarrikatzen duten hitzarmen propio bat adosten, baldintzak askoz okerragoak dituen hitzarmena aplikatuko zaiela".

Pleguetako baldintza ekonomikoak aztertuta, ohartarazi dute "esleipen prozedura merkeena eskainiko duen enpresen alde bideratuta" dagoela: "Klausulak ondorengoa esaten du: Aurreko prezio guztiak gehienezkoak dira; hortaz, lizitatzaileek prezio horiek beherantz hobetzeko aukera izango dute. Honen ondorioz eta jakinda honelako enpresetan gastuaren %85a pertsonalek gastua dela, zer merketuko da? Nork ordainduko ditu merketze honen ondorioak?".

Haien arabera, erantzuna "argia" da: langileek. "Baina ez langileek bakarrik, baita Zarauzko kiroldegiko erabiltzaileek ere, hau da, herritar guztiek". Gogoratu dute egunean 1.600 erabiltzaile dituela instalazio horrek.

Lan baldintzen alde borrokan

Haien esanetan, pleguetan langileen eskaerak ez dira "inondik inora islatzen", eta horregatik Udal Gobernuaren hautua "garbia" da: "Duintasuna eta prekarietatearen artean, prekarietatea aukeratu duzue. Eta ahaztu egin al zaizue, zuek Udal Gobernua hartu zenutenean zuen soldatak %40 igo zituztela unilateralki eta inori ezer esan gabe? Batzuen poltsikoak bete bai, besteenak ezta pentsatu ere".

Haien arabera, Udal Gobernuak badu plegu horiek aldatzeko eskumena, baina "borondatea falta" zaio, "borondate politikoa": "Euren erabakia langileen baldintzak prekaritzatzen jarraitzea da, enpresen mesedetan".

Langileak negoziatzeko eta lan gatazka horri irtenbidea emateko "borondate guztia" dutela gogoratu dute, baina Udal Gobernuko ordezkariek "ez dute nahi". "Gogoan izan dezagun guztiok: borondate politikoa baldin badago, konponbidea dago. Zuen esku dago".

Mobilizazio gehiago

Gogoratu dute kiroldegiko langileek hilabeteak daramatzatela euren eskakizunak Zarauzko Udalari eta enpresei mahai gainean jartzen, hau da, bi enpresetako langileek enpresekin hitzarmen duin bat eta hori udalak argitaratutako pleguetan jaso dezaten eskatzen. Udalak pleguak publikatuta, lehiaketa publikoa egingo dute maiatzean kiroldegiko zerbitzua enpresa bati emateko. Horregatik, nahi dute, hain zuzen, euren plataforma pleguetan jasota geratzea: "Datorren enpresa datorrela, behartuta egon dadin jasotako hitzarmen hori langileei aplikatzera". Modu horretan, "langileen lan baldintzak bermatuta" geratuko liratekeelako.

Langileak baloratzen ari dira orain zer egin: "Oposiziooarekin baloratzen ari gara ea zein irtenbide dituen auzi honek, baina dakigun gauza bakarra da pleguak alda daitezkeela eta zirrikitu juridiko guztiak bilatuko ditugula horiek aldatu ahal izateko".

"Aspertuta" daudela diote, baina "indartsu eta lan baldintzen alde borrokatzeko gogoz" ere bai: "Zuek derrigortzen gaituzue mobilizatzen jarraitzera. Zuek eragin duzue gatazka". Gatazka bera ere "politikoa" dela nabarmendu dute. Horregatik, ohartarazi dute aurrera begira ez dutela "baztertzen" greba egun gehiago egitea.

Zentzu horretan, kiroldegiko langileei eskerrak eman dizkiete erakutsi duten jarrera eta babesagatik: "Gatazka langileak dute baina, azken finean, herritar guztiei eragiten die. Baina erakutsi diguten babesa ezinbestekoa da eta horregatik dei egiten diegu mobilizaziotan parte hartzera". Gaur 18:30ean bizikleta martxa irekia egingo dute kiroldegitik udaletxe atarira, eta 19:00etan elkarretaratzea egingo dute.