Agintaldi honetan egingo dituzte Vista Alegreko eta Azken Portu Goiko igogailuak

Zarauzko Hitza 2017ko ots. 18a, 08:33

"Herribusa izateaz gain, Azken Portu Goia eta Vista Alegrek eguneko 24 orduetan irisgarritasuna bermatzeko zerbitzu publikoa izatea nahi dugu", adierazi du Xabier Txurruka alkateak.

Horregatik, aurreikusi dute agintaldi honetan egongo direla martxan bi azpiegiturak. Hala jaso dute 2016-2019 Agintaldirako Planean—udaletxean nahiz webgunean dago eskuragarri—. Vista Alegreko igogailua Aldapetako urbanizazio proiektuaren barruan egingo dute. Bi azpiegitura izango dira: batek, San Inazio kalea Aldapetako plazarekin lotuko ditu, eta besteak, plaza hori eta Sarakatua dorre parerainoko espazioa, pasabide batekin.

"Vista Alegreko bizilagunek urteetan zehar egin dute eskaera hau, auzora iristeko igo eta jaitsi behar duten aldapa ekiditeko", nabarmendu du. "Agintaldietan zehar proiektu hau gauzatuko zela hitzeman izan zaie behin eta berriro. Agintaldi honetan nola eraikitzen den ikustea espero dugu, Visesarekin Aldapetako urbanizazioa eta etxebizitza babestuen sustapena bultzatzeko sinatutako akordioari esker".

Hala, aurten edo 2018an lanekin hasiko direla aurreikusi du. "Gure asmoa igogailuaren urbanizazioa etxebizitzak eman aurretik hastea litzateke. Honela, instalazioa agintaldi honetan jarriko genuke martxan", zehaztu du.

Diru-laguntza eta ETSren baimena

Bestalde, gogoratu du Azken Portu Goian egitekoak diren igogailua "EAJk duela urte batzuk auzotarrei egindako promesa" dela. "Hori dela eta, alkatetzara iritsi ginenean hitzemandakoa betetzeko gogor lanean hasi ginen", dio. Salbide eta Azken Portu Goia batzea du helburu, trenbidearen gainetik pasabide betekin.

Eusko Jaurlaritzan diru-laguntzak eskatu dute horretarako. Hain zuzen, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailak diru-laguntza lerro bat du udalek irisgarritasun planak egin eta herri nahiz eraikinetan irisgarritasuna bermatzeko obrak egiteko. Tartean, igogailuak eraikitzeko. "Jaurlaritzak ematen dituen diru-laguntzak zehazterakoan lanekin hasiko ginela zin egin nuen eta erantzuna laster jasoko dugu. Onartuz gero, laguntza garrantzitsua izango da, 150.000 eurokoa", gaineratu du alkateak.

"Hitzemandakoa betetzeari garrantzia handia ematen diot. 2017ko aurrekontuek horretarako aukera eskaintzen badigute, erabakiko dugu aurten bertan edo datorrenean hastea obrekin. Argi dagoena da Azken Portu Goiak igogailua iznago duela agintaldi honetan.

Bestalde, igogailuaren pasabidea trenbide gainetik igaroko denez, ETSren baimena jasotzeko zain dago udala. "Santa Klarako pasabidea kentzeko obrekin hasi gara eta Azken Portu Goiko igogailua egiteko baimenak jasotzeko lanean ari gara. ETSrekin dugun harreman onari esker, Zarauzko irisgarritasuna eta miugikortasuna hobetzen ari gara eta oso eskertuta gaude Eusko Jaurlaritzarekin. Badakigu esfortzu handia dela guztiontzat", nabarmendu du Txurrukak.