Aralar ingurura goiz buelta egingo dute Pagoeta elkartekoek

Zarauzko Hitza 2017ko ots. 20a, 09:30

Datorren igandean burutuko dute 14,3 kilometroko ibilbidea.

Sakana inguruko gailur ezezagunenetariko batera joango dira Zarauzko mendizaleak otsailaren 26an: Mandalenaitzera. Aralarren hegoaldeko magalean dago, eta 857 metroko tontorra da. Hiriberritik irtengo dira mendizaleak eta Madalenaitz ekialdetik igoko dute gainez gain doan bidezidor batetik. Gailurraren azken zatia ezpelen oihan batean barrena doa. Iparraldeko maldatik jaitsiko dira Irañetako ur-begiraino.


Ingurua gehiago ezagutzearren, Uharte Arakiletik Aralarko San Migelera doan igoerarekin lotuko dute igandeko ibilbidea. San Migel Santutegia 1.200 metrotatik gora dagoenez, elur dexente aurki dezakete, baina bideak ez du arriskurik. Autobusa San Migelera iristeko moduan ez bada, ibilaldia moldatuko dute eta Madotzen amaitu.

14,3 km inguruko ibilbidea izango da, bost ordu inguruan egiteko modukoa. Parte-hartzaileak, ohi bezala, 07:30ean elkartuko dira Agoueseneko biribilgunean autobusa hartzeko, eta aurreikusi dutenez, 15:00 alderako helduko dira Zarautzera. Izena Mendizabal kinkiladendan eman behar da.