Anarik 'Epilogo bat' diskoa aurkeztuko du Putzuzulon

Zarauzko Hitza 2017ko ots. 20a, 10:30
Anari zuzeneko batean (Gorka Beunza).

Otsailaren 26an eskainiko du kontzertua, eta Old Seed kanadiarrarekin partekatuko du oholtza.

Sei urte geroago, estudioko lan berria kaleratu zuen Anarik 2015ean, Zure aurrekari penalak izenburupean. Disko horren jarraipen gisa, Epilogo bat lan laburra argitaratu du duela gutxi, eta hori aurkezteko asmoz, Putzuzulo gaztetxean ariko da zuzenean igande honetan.

Azkoitiarra ez da izango, ordea, ekitaldiko musikari bakarra. Old Seed-ek ere kontzertua eskainiko du. Alemanian bizi den Craig Bjerring kantari kanadiarra askotan izan da Zarautzen, eta oraingo honetan ere geldialdia egingo du herrian. Bere azken diskoetako abestien aukeraketa bat joko du.

Emanaldia 18:30ean hasiko da, eta sarrerak egunean bertan jarrko dituzte salgai, sei euroan, kontzertua hasi baino orduerdi lehenago; 18:00etan, Putzuzulo bertan, alegia.